Elizaren nagusitasuna
Piarres Larzabal apezak, euskal teatrogile handiak honako hau erran zuen 1955ean Baionan eman mintzaldi batean :
« Hemengo euskal antzerkia apezek sortu, hezi eta findu zuten parropiako geletan. Apezak antzerkia egiten hasi dira euskaltasunaren eta moralaren gatik.(…) Zinea denetan sartzen da… Dantzaldiak ere bai… Garraioen erraztasunak, gaua eguna bilakaraz dezakeen elektrizitatearen ezartzeak, irrati aparagailuen agerpenak gure etxeen intimitatea profanatzen zuten eta paropiako izpiritu komunitarioa barreiatzen. Batzuek uste zuten uholde hori geldiaraziko zutela "garai modernoen" kontra oihu eginez.
Beste argiago batzuek ulertu zuten oihu egitea alferrekoa zela eta egokitzea beharrezkoa zela… Kontserbatismoak ez du deus onik ekartzen, aurrerapen materiala geldiezina baita. (…) Eta jakin ezazue borroka latza izan dela ! Euskal publiko zorrotz eta moldagaitza nola usatu "berrikuntza" horiei ? ... Ikusi dut Urruñan gizon heldu bat gazteentzat atxiki tokia makil handi batekin zaintzen… Apez batzuek gizonak eta emazteak bereizten zituzten antzerkian. Antzerkia otoitz batekin hasten zen..."
Herrietako lehen antzerki taldeak edo bakarrik neskez, edo bakarrik mutilez osatuak ziren. Antzerki talde mistoak ikustea pentsaezina zen, bederen bigarren munduko gerlaren bukaera arte.
Antzerki mugimendu hori bereziki JAC (Jeunesse Agricole Chrétienne)-eko arduradunek animatzen zuten.
Gehienetan, ikusgarriak Eguberriz, astearte-inautez eta Erramu nahiz Bazko igandez izaten ziren.
Gaiak
Komedietako gai gehienek itxura didaktikoa eta batez ere moralizatzailea zuten, Eliza katolikoaren doktrinaren ildotik.
Gehien aipatuak ziren gaiak hauek ziren :
- Sorginkeriaren gaitzespena
- obeditzeko betebeharra,
- bertutea,
- larderia,
- erlijio katolikoaren ongieginak.
Lur-jabeak eta nagusiak beti baikorki ikusiak ziren. Sehiek eta enplegatuek aldiz ebasten zuten, gezurretan ari ziren eta lotsa galtzen zuten. Baina dena mezua irriaren bidez pasarazteko pentsatua zen. Jendea antzerkira joaten zen jostatzeko. Haientzat antzerkia egiazko besta zen. Aspaldian goaitatzen zuten gertakaria. Gainera seme-alabak, lehengusuak edo auzoak aurpegia margoturik eta anitzetan mozorroturik ikustean, oraino gehiago berotzen ziren !
Antzerkia: ezkongabeen denbora-pasa
Antzerkian ari ziren gazte guziak ezkongabeak ziren. Horietarik bat ezkontzen zelarik, antzerkia uzten zuen. Hala ere, salbuespenak izan dira, hala nola Hazparnen.
Testuak apezek hautatzen zituzten eta eszenaratzea bikarioak, herriko apezak eta batzuetan eskola katolikoetako erakasleek egiten zuten. Antzerki mota hori biziki garrantzitsua zen eta lehiaketak antolatuak izan ziren. Horrela, 1951n, hamasei antzerki taldek parte hartu zuten Teatroka deitu leihaketan, kanporaketak Donibane Lohizune, Hazparne eta Donapaleun iragan zirelarik.