Zuzendarien merezimenduaz
Euskal antzerkiak iraun du idazleak ukan baititugu, eta bereziki Piarres Larzabal.
Antzerkiak iraun du: herrietan, presuna bat agertu baitzen gazte horien biltzeko, eta gero, testuaren eta taulagaineko urratsen ikasten laguntzeko. Presuna bat oroz gainetik sekulako pazientziaduna!
Zuzendari lanetan biziki luzaz ari izan ziren bi presuna goretsiko ditugu:
- Jeanne-Marie Malharin anderea (1912-2001). Mugerren 25 urtez eta Itsasun 8 urtez teatrolari gazteen formatzen ari izan zen. Bi omenaldi ukan zituen, lehena Senperen, bestea Azpeitian (ikus ere Daniel Landart, "Janamari Malharin", Bidegileak, Eusko Jaurlaritza, 2003 - PDF) .
- Jean Hiriart hazpandarra. Lehenik jokalari gisa eta gero gazteagoen laguntzen 35 urte pasa zituen. Funtsean, Union Basque Batasunak, 1966an, urrezko medaila eskaini zion.
Beste batzuek ere, zuzendari edota moldatzaile-laguntzaile lanetan, urrats ederrik erabili zuten.
Aipa ditzagun:
Emazteetan: Janamari Malharin (Mugerren eta Itsasun), Christiane Etchaluz (Baiona, Baigorri, Garazi), Minaberry serora (Arbonako eskola giristinoan).
Gizonetan: Telesforo de Monzon (Donibane Lohizune, Iholdi, Heleta, Baiona), Léon Curutcharry (Baigorri, Aldude), Pettan Elissalde (Oztibarre, Baiona), Jean-Pierre Arangoïts (Iholdi), Albert Larre (Beskoitze), Jean Hiriart (Hazparne), Mixel Itçaina (Itsasu), Jean-Pierre Curutchet (Heleta, Baigorri).