Matalas

Hona, Mitikileko apezaren eta Apezpikuaren arteko elkarrizketa bixi-bixia. Eta ohartuko zareten bezala, Larzabalek zirtolaritza edo ditxolaritza erabiltzen du elkarrizketari indar gehiagoren emateko.

Matalas apeza Apezpikua

Matalas Nere errespetuak, Jaun apezpikua

Apezpikua Egia da, jaun erretora, zutaz entzun dutana ?

Matalas Hala daiteke, ez bada gezurtiek errana.

Apezpikua Egia da, jazarri zirela erregeren manuari ?

Matalas Jarraiki naiz ene kontzientziari.

Apezpikua Obedientzia zor diozu lege zibilari.

Matalas Salbu zuzenkontrakoari.

Apezpikua Baduzu kopeta hola Jaun gobernadoreari oldartzeko !

Matalas Eta hark ez ote, gauaz, niri, bi jandarma igortzeko ?

Apezpikua Ukanen dituzu laster gobernadorearen berriak.

Matalas Ez ditu nor-nahi mandatariak !

Apezpikua Errespetua zor dautazu niri.

Matalas Errespetua zor diogu elgarri.

Apezpikua Apezak ez du behar politikan sartu

Matalas Lege bera da izanik ere apezpiku !

Apezpikua Eman eta utzi Zesar-i berea

Matalas Xuberoa ez da Zesar-ena, baizik gurea !

Apezpikua Zesar-ek ohointza egin badu, beretzat du makurra.

Matalas Ez ote da hobendun ixilik dagon ate zakurra ?!

Apezpikua Jesusek erakutsi dauku jasaiten.

Matalas Jesus gobernuko gizonek kurutzean hil zuten.

Apezpikua Jesusek ez du erran, handiak behar direla mesprexatu

Matalas Jesusek erran du ttipiak behar direla lehen zerbitzatu.

Apezpikua Obedituko nauzula duzu hitzemana.

Matalas Gizon obedientzia ez da zakur herrestena.

Apezpikua Ez zira beldur Jainkoaren jujamenduaz ?

Matalas Hala ninteke, ez banu axolarik nere Xuberoaz.

Apezpikua Oldartzen zirenaz geroz, zure gain ondorioak.

Matalas Badakit, Jauna, jada dituzula nere kartak joak !

Apezpikua Agur beraz, eta ikas-azu izaiten umil

Matalas Zure laguntzaile, Jaun apezpikua, bainan ez zure esku-makil !!!

    (Apezpikua jalgitzen da. Matalas ixilik dago apur bat eta gero emeki) :

        Ainitzek badakite beren Herriaz baliatzen,

        Zenbaitek beren Herria zerbitzatzen,

        Arras gutik beren Herriarentzat hiltzen.