Gizona eta idazlea

Elizaren bidea

Piarres Larzabal Azkainen sortua zen 1915eko maiatzaren 5ean. Aita, Alexandre Larzabal Urruñara zuen eta ama, Maria Carrera, Lesakakoa. Aita, 1914ko Gerlara joana baitzuen hiru urteren buruan baizik ez zuen ezagutu, gerlatik itzultzerakoan.

Apezteko ikasketak Uztaritzeko Seminario ttipian eta Baionako Seminario handian egin zituen.

Soldaduzka eta Bigarren mundu Gerla

Soldadugoa Parisen egin zuen, 1933-1934 urteetan. Eta bi urteak ederki baliatu zituen : alde batetik "erizain" titulua atera baitzuen, eta bestetik, teatro talde batean ari izan baitzen. Eta 1934an, Gure Herria aldizkarian argitara eman zuen bere euskarazko lehen ikusgarria Irri eta Nigar.

Piarres Larzabal, 1939an apeztu zen eta jaun apezpikuak bikario izendatu zuen Hazparnera, hirugarren bikario karguarekin.

Aste gutxiren buruan II. Mundu Gerla piztu zenez, gerlara altxatua izan zen. Alemanian, Polonian eta Txekoslovakian preso atxiki zuten. Herio-zelai batean zegoela, Gurutze Gorriaren ikuskariek eri ikusi eta Suitzara eraman zuten.

Hazparneko bikarioa

Sendatu ondoan, Hazparneko bikario-etxera itzuli zen 1942an.

Libertatearen izenean, bide arriskugarria hartu zuen. Erran nahi baita Erresistentzia frantsesean sartu zela. « Komandante » kargua zeukan.

Gerla ondoan, bi sail akulatu zituen bereziki : antzerkigintza eta langile gazte giristinoen formakuntza; nahiz hiru urtez soldadogaien prestakuntzan ere parte hartu zuen Hazparneko jendarme buruzagiarekin.

Langile gazte giristinoekin bilkurak antolatzen zituen ere, JOC (Jeunesse Ouvrière Française) mogimenduaren bitartez. Hazparneko CFTC (Confédération Française des Travailleurs Chrétiens) taldeko omonier izendatu zuten.

Zokoako erretorea

Bederatzi urte Hazparnen egonik, Jaun Apezpikuak Zokoako erretore izendatu zuen.

Zokoara iritsi zenerako jada bazuen ospea antzerkigile gisa, ez soilik gaztedanik antzerkirako zuen trebetasunagatik, baina bai antzerkia gazteak eskolatzeko tresna gisa erabiltzeagatik.

Hastapenean idatzitako antzerkiek irri eginaraztea besterik ez zuten helburu; Kontrabandistak, Dendarietan, Manez ohoretan ala Xirrixti-mirrixti gerrenian plat lanek adibidez. Ondoren, ikus-entzuleari zenbait gogoeta eginarazteko helburuarekin hizkuntza zorroztu zuen; Etxahun dugu lekuko, 1951ean idatzitako lana.

Bordaxuri, Okilomendi jaun mera, Nork hil du Oihanalde, Hila espos eta 1950eko hamarkadan idatzitako lanak gizarte arazoak harrotzen dituzten komediak dira. Ondoko hamarkadetan, Euskal Herriaren historian eta Larzabal apaizaren bizitzan gertatuko diren gorabeherek haren idazlanen bilakaeran eragina izan dute.

1951n Piarres Larzabak Zokoako erretore izendatu zutenean, ez zuen ez apaiz-etxerik ezta elizarik ere. Eliza eraiki bitartean, Urruñako elizari utzitako El Sol izeneko etxe ttipiaren azpikaldea izan zen Piarres Larzabalen egoitza. Urruñako herriari lurra erosi zion eta parrokiako elkartea eratzen eta diru-iturriak eta laguntzak biltzen aritu zen.

Lehen harriaren bedeinkatzea 1952an egin zuten, 1954an lehen konfirmazionea eman zuen teilatupe berrian eta 1959an, elizaren barneko lanak amaitu ondoren, lehen bataioa ospatu zuen. Bere erretore lanekin batere, idazten segitzen zuen.

Inoiz ez zion utzi "Gure Herrian" eta geroago "Herria" aldizkarietan idazteari. 1959an, Aljeriako gerla hasi zenean, gerlaren inguruan "Herria" aldizkarian idatzitako artikulu batengatik auzitegietara eraman zituzten Larzabal eta Piarres Laffite aldizkariaren zuzendari. Ez zuten halere zigorrik jaso.

Abertzaletasunaren alde

1960eko hamarkadan, sekula baino gehiago, abertzaletasunaren alde agertu zen. « Enbata » kasetaren eta oldearen sortzaile artean zegoen.

1963an Euskaltzaindian sartu zen Jean Elissalde Zerbitzari zenaren aulkian. Geroztik idatzi zuen beste antzerki andana bat : Orreaga, Paper mende, Sarako lorea, Urriki latza, Lana eri, Suedako neskatxa eta Matalas. Pastoral gisako zenbait ikusgarri ere idatziko ditu : Orreaga, Lartaun, Orria eta Aralar, adibidez.

Iheslari abertzaleak gero eta gehiago izanez iparraldean, Telesforo de Monzon eta Angel Arregi adiskideekin montatu zuen « Anai-Artea » 1969an, euskal errefuxiatu politikoei laguntza eskaintzeko sortutako erakundea. Gose greba batean parte hartu zuen, Hendaiako Santa Ana elizan, 1979an. Garai hartako gertakizunak, egunez egun kontatuak, egunkari moduan Anai artean liburuan utzi zizkigun.

1979an, Zokoako erretoretza utzi behar izan zuen.

Geroztik, halere, Piarres Larzabal eri handia izanagatik, zortzi bat urtez, berak eraiki apezetxean, bizi izan zen berak noizbait aterbetuak zituen Esteban eta Belen Arizmendi senar-emazteek eta haien haurrek inguratzen eta artatzen zutela.

Orduan  bere azken xedeak eta oroitzapenak idatzi zituen :

1988ko urtarrilaren 12n zendu zen eta, ehorzeketa egunean, Pierre Moleres Baionako apezpikua etorri zen Zokoako elizara, eta apezlagunez inguraturik, berak eman zuen hilen meza.

Hil-mezako hitzaldia ordea, gertatzen ez den bezala, Larzabalek berak idatzia zuena, zortzi bat urte lehenago, erretorgoa utzi zuelarik, Roger Idiart apez adixkideak irakurri zuen, idazleak eskatua zion moldean.

Iturriak : hiru.com, Bidegileak (Piarres Xarriton), Daniel Landart(bere mintzaldi baten laburpena)