Irri egiteko antzerkia...

Pierre Duhour-ek hauxe idazten zuen 1947an Herria kazetan (maiatzaren 1eko zenbakian): "Igandeko komedian, zonbait eritu dira irri sobera eginik, hoin baita zapartegingarria. Hori da hori jendearen jostatzea sanoki."

Pierre Duhour kazetaria
Pierre Duhour kazetaria
Komedia haiek irri eginarazten ote zuten? Herria astekariko artikulu gehienen arabera, bai!

Funtsean, hastapen hartan, "josteta", "jostagailu" hitzak erabiltzen zituzten, geroago "ikusgarri", "komedia", "teatro", eta azkenean, 1960ko hamarkadatik aitzina: "antzerki". Erran nahi baitu: antza (edo itxura) ederreko zerbait, antz-edertia, Sabino Arana Goirik asmatu zuen hitza.

Baina testuek berek ala jokalariek zituzten irri zaparradak sortzen? Testu bakoitzak bazeuzkan, dudarik gabe, biziki zati politak, ongi itzulikatuak, fineziaz beteak.

Gehienetan fartza modukoak izanagatik, irriaren bidez halere, jendeen argitzeko eta "zaintzeko" eginak ziren.

Baina ezin uka, askotan, testuek baino gehiago irri eginarazten zutela jokalariek berek. Pentsa! Norbaitek ikusten zuelarik bere auzoko neskato xarmantena amatxi maingu bilakatua, edo mutiko azkar bat, ezpainak gorriturik, gona koloretsua soinean eta bere oinetako takoidunen gainean hinkili-hankala ibilki, hori bera aski zuen publikoak irri karkailaz hasteko!

Makila ukaldika!

Herria kazetako Urruñako berrietan, 1948an (Herria, urtarrilaren 8ko alean), hauxe irakur zitekeen: "Gure herriko mutiko gazteek egin daukute komedia bat zinez xoragarria […] eta azkenean, ahoaren garbitzeko, Xanpun eta Errexil tira-ahala koblan…. Beharrik han ginuen irrien ixilarazteko eta esku zaflen geldiarazteko Musde Ignacio, makila handi bat eskuetan, kopeta arrai eta begitartea ezti…".

"Makila handi bat eskuetan"… Urruñako berriketariak eman xehetasun honek baieztatzen du Piarres Larzabalek Baionako hitzaldi batean erran zuena: "Urruñan, Dupeyrou deitu gizon bat, makila luze bat eskuan, egoten zen sartzeko atearen ondoan zutik, eta ikusgarri denboran, mutikoak, dena ziminokeria eta irri-karkaila ari omen baitziren, berek ikusi gabe, gibeletik, buru gainean, danba, makil kaska on bat biltzen zuten delako Musde Ignacio Dupeyrou-k emanik. Eta batzuetan, ukaldi bat baino gehiago ere…".

Bi adibide

Komediak nolakoak ziren jakiteko, hona bi zati: