"Etxahun obra", bihurgune garrantzitsua
Hazparneko "Les Jeunes Basques" taldeak 1952an taularatu zuen Etxahun antzerkiak bazterrak inarrosi zituen…
Nolaz ote? Obra hark adulterioa aipatzen baitzuen! XIX. mendean, Barkoxe Etxahunekoa zen Pierra Topet koblakariaren emazteak, Engrazi Polento-k, maitale bat baitzuen: Egiaphal. Funtsean, Larzabalek horrelaxe mintzarazten zuen Etxahun:
"Egun batez ohartu nintzen auzoko buzoka bat zabilala ene esposari hurbilxko. Ez bakarrik ohartu, bainan segurtatu gure ohantzean urtxo amak bi gerizatzaile bazituela. Ordutik, ene baitarik urrundu ziren loa eta goxoa. Odola errabian jarri zitzaitan. Ez nakien gehiago zer egiten nuen ere."
Artikulua ez zen segur bortitza, baina jendeek lerroen artean nahi dutena irakurtzen baitute, gordainkeria bilakatu zitekeen lizunkeria, eta fama txarrak kurritu ziren. Adulterioaren aipatzea bera, alabaina, bekatu! Horrelako gaia, ordu arte, parrokietako taldeek eman komedietan ez zen egundaino agertua izan, eta gainera, apez batek idatzirik! Abisua zabaldu zuten haurrentzat debekatua zela, horrek berak jendearen jakin-mina emendatu baitzuen…
Hazparneko taldea herriz-herri ibili zen, orotara 15 emanaldi eskainiz.
Erran behar da ere, Maurice Borthayrou hazpandar sindikalista eta euskaltzale suharraren laguntza ukan zuela, sekulako artikuluak idatzi baitzituen.