De Monzon jauna gero eta gehiago aipatua
De Monzon jauna 1904ean sortua zen Bergarako Olaso dorretxean.
Familia aristokrata baitzen, Gipuzkoako aberatsenetarik, lau haurrideek etxean berean apez bat ukan zuten beren eskolatzeko.
Bergarako hautetsi eta Madrilgo Gorteetan diputatu egonik, Jose Antonio Aguirre lehendakariak, Monzon izendatu zuen, 1936an, Euskal Gobernuko Barne Ministro eta Espainiako gerla finitu arte hala izan zen.
Gero, beste milaka Euskaldunek bezala, ihes egin behar ukan zuen eta Mexikora joan zen.
1946an Donibane Lohizuneko Mende Berri bere familiako etxera itzuli zen.
Orduz geroz, Iparraldeko euskal kulturgintzan artoski parte hartu zuen, bereziki antzerkiak idatziz baita kantu hitzak, "Pantxoa eta Peio" (Pantxoa Carrere eta Peio Ospital) bikote famatuak ezagutarazi zituenak.
Monzon jaunak antzerkigintzaren hiru adarrak zerbitzatu zituen: jokalari (Begiraleak taldean), zuzendari (laupabost talde lagunduz), idazle gisa bederatzi obra eskainiz. Hiru famatuenak direla: Menditarrak, Behorraren ostikoa eta Hazparneko Anderea.
1978an Bergarara itzuli zen eta urte bat berantago Herri Batasuna alderdiburu hautatu zuten.
Bere azken hatsa 1981ean eman zuen.
Haren idazteko moldearen preziatzeko, hona zatitxo bat bere azken obra izan beharra zen Eneko Bizkai eta Maria Lorka obratik hartua eta Heletarrek 1967an estreinatu zutena.
"Eneko Bizkai eta Maria Lorka"
Gaia: Parisen bizi den eta "Nobel Saria" irabazia duen Eneko Bizkai jakintsunari salatzen diote, autobide berriaren egiteko, Gantzarain bere sorterria suntsituko dutela. Berri harrigarri hori entzutean, Eneko zoratzen da:
ENEKO. – Hartzek ere errespetatzen dituzte beren harri ziloak. Baina horiek ez! Horientzat ez baita ez lurrik, ez harririk, ez Herririk, ez mintzairarik, ez arimarik, ez hilobirik! Bideak, bideak, bideak… Zenbat eta luzeagoak, zenbat eta zabalagoak, zenbat eta zuzenagoak… Joaiteko, jiteko, ibiltzeko, ez egoiteko, arrabotsa egiteko, isiltasunaren hiltzeko! Har azpian haurrak, har azpian herriak, jo bazterrak, jo elkar, jantzi odol gorriz, besta baita! (Pausa) Baina ez geldi, segi beti, egin arrabots, egin irri, egin nigar, berdin du, baina ez ixil! Ez ixil! Iragan odoletan hilerrien gainetik! Ez izitu! Isiltasunari behar zaio beldur, ez bertze deusi! Hil beraz, Gantzarain! Hil! Hil! Hiltzea merezi du! Gantzarainen oraino ixiltasuna entzuten baita!