Beste idazleak

Jean Diharce "Iratzeder"
Jean Diharce "Iratzeder"
Piarres Larzabalek, 1955ean egin mintzaldi batean (ikus Piarres Larzabal – Idazlanak VI – Etnografia solas eta mintzaldi – Elkar, 1996), ondoko idazleak zerrendatu zituen.

Apezetan: Martin Saldumbide, Jean Elissalde (Zerbitzari), Dominique Mocoçain, Jean Diharce (Iratzeder), Raymond Idieder, Domingo Soubelet, Jean-Baptiste Etcheberry, Paul Guilçou, Ernest Bidegain, Etienne Sallaberry.

Emazteetan: Mayie Elissagaray, Augustine Hillau, Madeleine de Jauréguiberry, Aña Charritton, Marijane Minaberry.

Gizonetan: Telesforo de Monzon, Dominique Dufau, René Ospital, Jean Otegui, Jean-Pierre Soudre, Jean Etchepare…

Idazleen artean...

Marie-Madeleine Mayie Elissagarray (1894-1983). Hazparnen, Ursuia karrikan dagoen "Gazteluberria" etxean bizi zen. Hazpandarrek Mayie Bixents deitzen zuten. Errantaz bizi zen. Frantseseraz idatzi zuen "Etchehandia" eleberria.

Marie-Jeanne Minaberry (1926-2017). Bankan sortua, biziki luzaz Uztaritzen bizi egonik, azken urteak Blaye hiriko zahar-etxe batean iragan zituen. Olerkiak, ipuinak, komediak idatzi zituen. Oskorri taldeak bere "Marijan, kanta zan" ikusgarri bereziarekin publiko zabalari ezagutarazi zizkion haren kantuak. Ohorezko euskaltzaina zen.

Jean Etchepare (1937-1961). Jatsun sortua eta ehortzia. Ipuinak idatzi zituen, hala nola "Mendekoste gereziak" saristatua izan zena.
Gazte eta Herria kazetentzat artikulu egile eta komedia idazle, Marcel Pagnolen Fanny antzerkia ere euskaratu zuen Gaxuxa izenburua emanez.