XIX. mendeko antzerkiaren aztarnak Lapurdin eta Baxenabarren
Lehen antzerki gelak 1920 urteetan eraikiak izan ziren ipar Euskal Herrian. Gertaera hori biziki garrantzitsua da, 1921etik goiti hasten baita egiazko antzerki mugimendua aipatzen. Lehenagotik emanaldi batzuk bazitezkeen.
Horrela, Patri Urkizuk, antzerkiaren historiari buruzko liburu baten egileak, idazten du Wendworth Webster-ek, intelektual ingelesak eta euskalzaleak xehetasun baliagarri hau markatu zuela bere bidaia liburuxkan: « 1867an Luhusoko gazteriak euskarazko antzerki bat eskaini zuten Ameriketatik itzultzen ziren pertsonei ongi etorria egiteko ».
Bestalde, Patri Urkizuk Joanes Etxeberri Uztaritzeko seroren erremusinariak idatzi antzerki bat argitaratu du ("Jean Etcheberri. Arraultze ohoin", EGAN, 3-4, 1986, 223-226. orr.). "Sarako herrian 1884 urte inguruan Arroltze ohoina, Jean Etxeberri apezak idatzitakoa antzeztu zuten seroren eskolako neskek, eta uste denez, frantses obra baten itzulpena edo moldaketa zen."
Eskuizkribua Baionako udal Liburutegian zegoen. Antzezlana Arraultze ohoina deitzen da. 1884an antzeztua izan zen, Sarako eskolako aterpearen azpian.
Beste aipamen bat egiten digu ere Piarres Larzabalek: "hunarat ihesi etorri Karlistek bazuten Ziburuko Pocalette karrikako Agorretenean biltoki bat "El Trueno" deitua. Hor eman zuten, 1876an, "Iriyarena" obra, erdi espainolez eta erdi euskaraz zena." (Piarres Larzabal – Idazlanak VI – Elkar, 1996). Talde hartan parte hartu zuten Martzelino Soroa (1848-1902) eta Toribio Altzaga (1861-1941) geroago antzerki idazle ospetsu bilakatu zirenek.