Euskal antzerki profesionala eta amateura (1990-2021)
Talde profesionalak
Hego Euskal Herrian, Maskarada taldea euskara hutsez antzerki egiten hasi zen bezala, eta Eusko Jaurlaritzako Antzerti eskola bi hizkuntzatan (euskaraz eta gazteleraz),
Iparraldean ere, XXI. mendea etortzearekin batera, ordu arte frantseseraz bakarrik egiten zuen Le Théâtre des Chimères konpainia profesionalak "Haurra xutik" osoki euskaraz eskaini zuen, Txomin Héguy eta Olatz Beobide jokalari. Geroztik, euskarazko beste obra batzuk plazaratu zituen ere, hala nola "Kaukaziar kreazko borobila", "Baba zango horiak", "Otso" eta azkenik "Azken itzulia".
Beste konpania profesional batzuk ere aipa ditzagun: Azika (Beñat Lefever), Traboules (Kittof Prud’homme), Tokia Théâtre (Michel Foucher).
Le Petit Théâtre de Pain konpainia sortu zuten Ximun eta Manex Fuchs anaiek, eta orain, Axut konpainia abiarazi dute.
Bestalde, Hegoaldeko Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategia konpainiekin uztarturik antzerkiak euskaraz sortu eta plazaratu dituzte eta ildo horretatik ere jarraitzen dute.
Talde amateurak
Amateur mailan segitzen dutenen artean, eta herritarrez bakarrik osatu talde zaharrena eta iraunkorrena Armendaritzekoa da. Herriko Besta kari, urtero, antzerki bat eskaintzen du; halaber Makeako taldea ildo beretik dabil.
Jean-Louis Negeloua gidari dutela, badira beste bi talde: Larrazkeneko loreak (Aldude-Banka-Urepele) eta Garaziko Sokorri Katolikoa. Jadanik eman obrak berriz taularatzen dituzte.
Maribisos emazte hirukoteak, bere aldetik, luzaz geldirik egonik, 2015ean, "Ixtaño bat" sorkuntza eskaini zigun. Biarritzeko Maite dugulako taldeak ere, Gérard Bagardie zuzendari, bere ikasturteko lanaren berri ematen zigun ikusgarri bat plazaratuz.
Iguzkilore taldeak, Lapurdi 1609 elkartearen babesean abiaturik, eta 2009an, bere lehenbiziko obran "Sorginen auzia" argitan ezarririk, bere laugarren ikusgarriarentzat, Larzabalen "Herriko botzak" hautatu zuen, Maika Etchecopar zuzendari.
Badira beste talde batzuk ere, herrietan sortzen direnak, edo lagun arteko multzoak, eta bizpahiru urtez zerbait eman ondoan, gero, loak hartzen dituenak (Banka, Jatsu, Irisarri, Aiherra, etab). Baina, gutienik ustean, berriz atzar daitezke, edo beste nonbait, beste talde bat ager daiteke, hala nola "5 in’ahalak" taldea.
Gaien aldetik, idazle bakoitzak, bere jitearen arabera, jakin izan du edo badaki gaurkotasunean oinarritzen diren obra desberdinen izkiriatzen, batzuetan umorea eta irria baliatuz, edota zirikatzaile eta inarrosle bilakatuz.
Horiek horrela, denek dakigu euskal antzerkiaren geroa, alor guzietan bezala, gure haurren eta gazteen esku dagoela. Horra zergatik, hezkuntza saileko hiru sareetako (Ikastola, eskola publikoa, eskola giristinoa) lehen eta bigarren mailako ikastetxe batzuetan, antzerki ikastaldiak eta topaketak antolatzen dituzten. Teatroaren amodioa ahal bezainbat haurrei erein behar baitzaie! Euskal kulturaren baitan, teatroak ukan dezala, gaur, bihar eta etzi, zinez funtsezko tokia, aberatsa bezain erakargarria!
Antzerkia eskolan
Beste anitzen artean, hona izen batzuk formakuntza iraunkor bat eraman zutenak eskoletan, kolegioetan eta lizeoetan: Frantxua Cousteau (eskola giristinoetan), Txomin Héguy (eskola publikoetan), Kattalin Sallaberry (Xalbador Seaskako kolegioan), Arantxa Irigoien (Bernat Etxepare lizeoan), Antton Luku (Garaziko Lycée de Navarre lizeo publikoan).
2021az geroz, Jostakin elkarteko Peio Berterretxe makearrak formakuntzak proposatzen ditu. Goi mailako Arte Dramatikoen eskolatik eta Parisko Comédie Française egituratik pasatua da.
1970a geroztik, antzerkigintzan lan egin dutenen izenak, alfabetoaren arabera (oharra: izenak ematean beti norbait ahazten baita, oharrak ongi etorriak dira zerrenda honen gaurkotzeko).