EATB Iparraldeko adarraren artxiboak

EATB, Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrearen xedeetariko bat zen artxiboak biltzea. Ipar Euskal Herriko adarrari dagokionez, lana Heletako egoitzan hasi ondoan, arduradunek erabaki zuten artxiboak Euskal kultur erakundeak bere gain har zitzan. 2008az geroztik, EKE-ren egoitzan, Uztaritzen, kontsultagarri dira.

Artxiboen historia

Antzerki testuen biltzeaz eta prentsa agirien zaintzeaz, gehienik arduratu zen Daniel Landart. Jakinik Mayie Choribit hazpandarrak, Janamari Malharin andereak eta Eskualdun Gazteria kristau gazteen elkarteak antzerki obrak bazeuzkatela, haietarik eskuratu zituen ale zenbait.

Teatro artxibategiaren aurkezpena Heletako Herriko Etxean (1983). Ezkerretik eskuinera:  Daniel Arbeletche, Marie-Andrée Arbelbide (auzapeza), Daniel Landart, Txomin Davant (hautetsia) © Jose Goia
Teatro artxibategiaren aurkezpena Heletako Herriko Etxean (1983). Ezkerretik eskuinera: Daniel Arbeletche, Marie-Andrée Arbelbide (auzapeza), Daniel Landart, Txomin Davant (hautetsia) © Jose Goia

Geroago, 1981ean, Heletako auzapezak onartu zuen EATB Iparraldeko adarrararen egoitza soziala udaletxean izan zedin. Hitzarmen bat izenpeturik, artxibategi txikia baita jokalarien jantziak bertan ezarri zituzten.
Frantses Gobernuak, 1982an, eman diru laguntza bati esker, Menane Oxandabaratz-ek, urte batez, EATBrentzat lan egin zuen idazkari gisa, batez ere artxibategia osatuz eta argazkiak bilduz.
Garai hartako dokumentuen arabera, 136 paperezko antzerki testu bazeuden Heletako udaletxean.
Gero, urteak jin, urteak joan, beste hameika kezkari ezin buru eginez, eta aitor dezagun, elkarte-kide oso guti izanez, ez zen inor, zorigaitzez, artxibategiaz behar bezala arduratu.

Gehiago dena, taldeetako jokalariak zuzenean joaten ziren Heletako artxibategira, eta aldiro, bizpalau testu hartzen zituzten, hitzemanez itzuliko zituztela, baina batzuen ezaxolkeriaz, asko antzerki testu desargertu dira.
Egoera deitoragarri hura ikusiz, EATB-ko azken arduradunek galdegin zioten Euskal Kultur Erakundeari artxibo haien bere gain hartzea. Eta beraz, 2008az geroztik, EKE-n daude, Uztaritzeko Lota Jauregian.

Zer dago gaur EATBko artxiboetan?

  • Paperezko testuetan 60 obra. Idazle batzuren izenak, adibide bat emateko: Lafitte, Iratzeder, Dufau, Guilsou, Larzabal, Monzon, Landart, Etxaide, baina obra batzuk anonimoak dira, hain segur ere itzulpenak daitezke edo arramoldaketak. 
  • Argazkiak, talde ezberdineko antzerkilari batzurenak.
  • Artikuluak, euskaraz eta frantsesez, Herria, Herriz-Herri, Argia astekarietan agertuak, baita Basque-Éclair eta Sud-Ouest kazetetan.
  • Zinta grabaketak eta bideoak, halaber Maite Barnetche zenak FR3 frantses telebistako 3. katearentzat egin bizpahiru emankizun.
  • Artxibo horietan daude ere garai hartako propaganda paperak, kartelak, eskuprogramak, 1984tik 1994 arte antolatu zuten "Galarrotsak" festibalaren egitarauak, etb. Ahaztu gabe, EATB elkartearen administrazioko papereria nasaia.

Dokumentu horiek guztiak nahas-mahas daude, sailkatu eta txukundu beharrekoak.

Beste artxibo batzuk

Euskal kultur erakundearen ahozko ondarearen kontsultagunean (Uztaritze), antzerkiarekin zerikusia duten ikus-entzunezkoak eta soinuak (Maite Barnetche-ren funtsa, Guillaume Irigoyenen soinu artxibo funtsa...) kontsulta daitezke, hitzordua hartuz gero.

Euskal Kultur Erakundean dauden artxiboez bestalde, non aurki ditzakegun antzerki testuak eta dokumentalak:

  • Gure Herria aldizkariak argitaratu zituen Jean Barbier, Léon Léon, Piarres Lafitte, Etienne Salaberry, Piarres Larzabal, Paul Guilsou apezen obra batzuk (1922 eta 1975 bitartean).
  • Elkar argitaletxak Piarres Larzabalen 42 obra, Piarres Xarriton euskaltzainak bilduak. Lehen bi tomoak agertu ziren 1991ean, beste biak 1992an.
  • Monzonen obra osoa ere argitaratuta dago.
  • Egan aldizkariak, bere aldetik, Landarten hiru obra.
  • Eusko Jaurlaritzako Antzerti Zerbitzuak ere Iparraldeko idazleen lanak argitaratu zituen, hala nola: Landart, Guillaume Irigoyen, halaber Maitz argitaletxeak ere aspaldian toki bat ematen die antzerki testuei.
  • Kutxak: Antton Luku, Pantzo Irigaray, Mattin Irigoyen, obra saristatuak.
  • Maiatz argitaletxeak: Garazin antzerki I (Gillom Irigoyenen obra) eta Garazin antzerki II (Xebastian Ihidoy-ren obra)
  • Ikas Pedagogia Zerbitzuak haurrentzat idatzi antzerkiak badauzka, hala nola Kattalin Sallaberryrenak.
  • Bideo sailean Aldudarrak Bideo sozietateak antzerki asko grabatu ditu.
  • Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 2011tik daraman artxibo soinudun eta ikusentzunezko numerizazio programan, grabaketak badaude (antzerkiak, "Galarrotsak" festibala, etab.).

Zerrenda luzatzen ahal genuke… Eugenio Arozena Oiartzuarra, adibidez, aspaldian hasi da Iparraldeko dokumentuen grabatzen eta digitalizatzen. Hark dauka, gaur egun, altxorrik osatuena.