Talde gutiago, emanaldi gehiago
Iparraldeko taldeak bakantzearekin, bi aldaketa gertatu ziren.
Lehen aldaketa: herri batzuetan segitu baldin bazuten, ordu arte bezala, herritar gazteekin bakarrik taldea osatzen, beste toki batzuetan, taldea herri desberdinetako gazteek osatzen zuten, antzerkiaren gaiaren arabera, edo ideologia batek gidaturik.
Bigarren aldaketa: taldeek bilatzen zuten ahal bezainbat emanaldiren egitea.
Bestalde, herritar gazteez bakarrik osatu taldeetako jokalariek, ezkondu bezain laster, teatroa uzten zuten, aldiz, beste taldeetan, ezkonduak ere baziren, edo bederen adintsuagoak, eta horrek berak, taldeari indarra ematen zion.
Pertsonaia batzuek sinesgarritasun gehiago bazuten.
“Antzerkilarien Biltzarra” talde gisa 1975ean desegin ondoan, beste talde batzuek izenak hartu zituzten, hala nola Zentzu-gabeak (Ezterenzubi), Biper-Beltx (Garazi), Iturri (Irisarri), Xirrixti-Mirrixti (Baiona), Bordaxuri (Hazparne), Oztibarreko Antzerkia (Ibarla, gero Izura-Larzabale) eta Hiruak Bat (bigarren bertsioa - Garazi, 1984-1990).
Denek sorkuntzak eskaini zituzten (batzuetan itzulpenak zirenak) eta franko luzaz iraun zuten.
Euskal antzerkiaren historian, guti gora behera, beti gauza bera gertatu da: talde bat baratzen zelarik, beste bat sortzen zela.
Orain arte aipatu talde izendun eta ibiltarien lerroan ezar daitezke ere Hiru Punttu (Antton Luku) eta Kitzikazan/k (Mattin Irigoyen), beren garaian, sorkuntzak eskaini zituztenak.
- Ikus ere: zonbait antzerkiren afitxak (1975-1992)
Baliabide gehiago
Euskal kultur erakundearen egoitzan Uztaritzen, EATB Iparraldeko adarraren artxiboak kontsulta daitezke baita ere Eugenio Arozenak "Euskal antzerkiaz" erakusketaren sortzeko (2007) talde desberdinengandik bildu artxiboak (argazkiak, bideoak...).
Bestalde, Euskal kultur erakundeak 2007. urteaz geroztik daraman "Eleketa" ahozko memorioaren programa kari hainbat lekukotasun bildu dira Iparraldeko antzerkiaz. Zonbait pasarte hautatu ditugu...