Formakuntza eta hedapena
Lehen irakaslea Jean-Marie Broucaret izan zen, Le Théâtre des Chimères konpainia profesionalaren burua.
Gero, Francis Basterot hautatu zuen, Bordeleko Tivoli jesuiten ikastetxeko antzerki irakaslea.
Formakuntza sail haiek asko urtez iraun zuten eta bi maila sortu zituzten.
Ikastaroak emanaldi publiko batekin bururatzen ziren Ikimiliklik eta Kakotx bat-bateko taldeek eskaintzen zituztenak. Bestalde, Francis Basterotek zuzendu zuen ere, hiru aldiz, Hazparneko Bordaxuri taldea.
Eusko Jaurlaritzako Antzerti zerbitzuari esker ere, emanaldiak emendatu ziren.
Hedapenaren sailean geldituz, azpimarratzekoa da Seaska elkarteak mugimendu handi bat sortu zuela: ikastola bakoitzak, urtero, kantaldiak bezala, antzerki emanaldi bat antolatzen baitzuen. Horrela, ikastolako guraso gehienek, ikastola zela medio, euskal teatroaren ezagutza egin zuten.
Galarrotsak festibala
1984an Hazparnen hasi zen, EATB eta Eihartzea Kultur Etxea partaide, eta 1988an, Larzabal zendu zen urtean, osoki Heletan iragan zen.
Gero, pausaldi baten ondotik, EATBek Galarrotsak festibala 1991an berriz abiarazi zuen kostaldean, bi partaide hauen laguntzarekin: Euskal Kultur Erakundea (1990an sortua) eta Donibane Lohizuneko hiria. Lau urtez iraun zuen, Iparraldeko eta Hegoaldeko taldeen obrak erakutsiz.
Ondotik, haurrentzat Galarroxkak festibala antolatu zuten, Euskal Kultur Erakundea eta Biarritz Culture elkartea partaide. Uztaritzeko eta Hazparneko ikastoletako eta Ursuia eskola giristinoko haur teatrolariak bost urtez Biarritzen bildu zituen.