Protagonisten biografiak
Mixel ETXEKOPAR (Gotaine-Irabarne – Zuberoa, Euskal Herria)
Mixel Etxekopar musikaria (txirulak, ttunttunak), bertsolaria eta kantaria da. Haurtzarotik naturari lotua den musika munduan bai eta Zuberoko gertakari erritualetan (maskaradak, pastoralak) murgildua izanik, Etxahun Iruri bezalako poetekin ukan harremanei esker, kultur oinarri hori biziki laster emankor eta sortzaile bihurtu zen. Ondare horren irakurketa dinamikoa egiteko esparru batzuen ko-sortzailea izanik (Xiru festibala, Hebentik elkartea), tradizioa sormengai bilakatzen duten hamaika proiektu abiarazi ditu. Horren karietara, anitz artista gurutzatu ditu, gaur egun egiazko bidelagun bilakatu direnak: François Rossé, Beñat Achiary, Christian Vieussens, Mizel Théret, Enrike Solinis, ...
Ikus Mixel Etxekopar-en elkarrizketa, Xan Airek 2015ean EKE-rendako egina.
Bernard COMBI (Condat sur Ganaveix – Corrèze)
Limousineko okzitaniar kantari eta musikaria da (eskusoinu diatonikoa, perkusioak, …). Bere hizkuntzaz maitemindua izanik, besteekin partekatzen du, Marcelle Delpastre eta Jan dau Melhau bezalako bere eskualdeko poeta handien interpretatzaile-sortzaile bilakatuz. Bere ahotsean, okzitaniar eta frantses hitzak bizi den lurra bihurtzen dira eta Erdi Aroko Okzitaniar kultura markatu duten trobadoreen munduan murgilarazten gaitu. Bernard Combi-k poesiaren inguruko proiektu anitzetan parte hartzen du, musika unibertso ezberdin anitz jorratuz: jazza, inprobisazioa, munduko musikak, …
Maika ETXEKOPAR (Gotaine-Irabarne – Zuberoa, Euskal Herria)
Haurtzarotik euskaran eta kantuan murgildua izanik, bere bidea Amaren Alabak emazte ahots taldearekin hasi zuen kantari bezala. Euskal Barrokensemble euskal barroko taldetik, sortu duen HorHor ahots talderaino, Maika Etxekopar-ek hainbat musika proiektutan parte hartu du. Antzerkian ere ibilbide profesional aberatsa du (Le Petit Théâtre de Pain Konpainia, Bonbon noir et Crotte de bique, Huts Teatroa, ...), eta zenbait proiektu taularazten aritzen da konpainia ezberdinentzat. Nondik heldu den sekula ahantzi gabe, euskal kantu eta antzerki herrikoiaren inguruko hainbat proiektutan parte hartzen du ere (pastoralak, Xiru festibala, …).
Ikus Maika Etxekopar-en elkarrizketa, Xan Airek 2014ean EKE-rendako egina.
Hélène JACQUELOT (Baiona – Lapurdi, Euskal Herria)
Hélène Jacquelot-ek kantu polifonikoak nerabezarotik praktikatzen ditu era horien zale errabiatua da. Lizeoan, antzerkia ezagutu eta bere goi mailako ikasketak alor hortan segitu ditu, antzerkilarien jokoa eta objektu antzerkia ikasiz. 2012an, Elsa Corre-ekin « Duo du bas » Konpainia sortu eta Douarnenez-eko (Bretainia) emazteenganik bildu herrialdeetako aireak kantatu dituzte. Hélène Jacquelot-ek Maika Etxekopar-ekin lan egiten du aspaldidanik, eta kantua, antzerkia, musika eta ojektu manipulazioa nahasten dituzten proiektu anitz sortu dituzte elkarrekin (Bonbon noir et Crotte de bique Konpainia). Proiektu horiek toki herrikoietara egokitzen dira, izan eszenatokian, ostatu bateko terrazan edo karrikan berean.
Pierre VISSLER (Montori – Zuberoa, Euskal Herria)
Pierre Vissler alor ezberdinak lantzen dituen artista bat da. Clown bezala berezitua da, eta bakarkako ikusgarri batzuen sortzailea eta formatzailea dugu ere. Elektro-akustiko musikaria izanik, bere mikroak egiazko musika tresnak bezala erabiltzen ditu, lekuak eta momentuak grabatuz, horien poetikoki itzultzeko zuzenean eszena baten gainean edo CD, emankizun edo beste ekitaldi batzuen bitartez. Ondorioz, Pierre Vissler bere ingurumenaren biltzaile-sortzaile bat da, bai Zuberoan, bai Euskal Herrian, bai eta beste hainbat herrialdeetan ere.
Nicole LOUGAROT (Gotaine-Irabarne – Zuberoa, Euskal Herria)
Dantzari, ikertzaile eta idazle hau, euskal kultur munduan ezaguna da bereziki 2009an Gatuzainek argitaratu Bohémiens liburuari esker. Elkarte anitzetan sartua da, hala nola sortu dituen Hebentik eta Abotia (Xiru festibala) elkarteetan. Nicole Lougarot-ek Zuberoko artista herrikoi handi batzuk argitan ezarri ditu (dantzan, kantuan, antzerkian). Bestalde, taularatze ausart batzuk egin ditu ere: Ederlezi pastorala (2013, Gotaine), Euskamerikan Artzain pastorala (2009, Euskal Herrian eta San Francisco emana izan dena), Amaren Alaben Andere Gatik ikusgarria, …
Ikus Nicole Lougarot-en elkarrizketa, Xan Airek 2012an EKE-rendako egina.
Marcelle DELPASTRE (Germont, Chamberet-eko herria – Limousin, 1925-1998)
Marcelle Delpastre okzitaniera eta frantsesa menperatzen dituen olerkaria, ipuin kontalaria, eleberri idazlea, etnologoa eta laboraria da. 1960 hamarkada hasieraz geroz, pixkanaka hiltzen ikusten duen Limousin eskualdeko laborari zibilizazioaren erdian sortua da. Betidanik idatzi izan du eta orduz geroztik bere eskualdeko ipuinei, atsotitzei eta ohidurei interesatzen hasi zen. Berehala, erabaki zuen Limousineko okzitanieraz idaztea, Limousin eskualdeari buruz gainera. Gaur egun, Marcelle Delpastre XX. mendeko hamar okzitaniar idazle handienetarik bat bezala ezagutua da.
Entzun Marcelle Delpastre-ri buruzko « Une vie, une Œuvre » emankizuna 2008ko azaroaren 27an France Culture irratian hedatua izan dena (frantsesez).
Itxaro BORDA (Baiona – Lapurdi, Euskal Herria)
Euskal idazle honek haurtzaroa Nafarroa Behereko Oragarre herrian pasatu zuen. 1981ean, Maiatz literatur aldizkaria sortu zuten Lucien Etxezaharreta-rekin. 2002an, Euskadi literatur saria irabazi zuen 100% basque eleberriarentzat. Eleberri, olerki, saiakera eta kantu andana bat idatzi ditu. Bere testuetan, euskal emazte batek bere sorterriko gizarteaz daukan begirada islatzen da.
Ikus Itxaro Borda-ri buruzko ikus-entzun erreportaia, 2017an egina izan dena Euskal Etnopoloaren labelizazioaren karietara.
Claudia LLAMAS (Tolosa - Okzitania)
Claudia Llamas « Lurraldea, espazioa eta gizartea » izeneko diziplina anitzeko masterreko ikaslea da (Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskola). Ondareari interesatzen zaio, lurralde baten eta haren biztanleen arteko harremanak aztertuz. Bere ikerlanarentzat, modu artistiko desberdin eta parte hartzaileen bidez Canal du Midi errekaren eta bere bazterren UNESCO-k egin baloratze lanaren inguruan gogoetatzen duen ikusgarrigintza alorreko konpainia bat ikertzen du.
Camille RIVERTI (Bures sur Yvette – Ile-de-France)
Camille Riverti-k doktorego bat badu antropologia alorrean (Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskola). Frantsesa eta gaztelera menperatzeaz gain, inglesa, italiera eta arabiera ikasi eta hizkuntzen arteko harremanak aztertzen ditu. Bere tesiarentzat, kitxua hizkuntzan berezitu da (Andeen erdialdean mintzatua den Amerindiar hizkuntza). Hortarako, Peruko artzain-laborari komunitate batean egon da, etnografia lan luze baten egiteko. Funtsean, kitxua hizkuntzan egiten diren eguneroko antzerki inprobisatu batzuk bere tesiaren gaia bilakatu dira. Aitzineko ikerketa batzuetan, idazle batzuek aldi berean kitxua hizkuntzan eta gaztelaniaz idatzi dituzten eleberri labur batzuk aztertu ditu.