D’una lenga l’autra - Musika zeharkaldiak Zuberotik Limousinera: proiektuaren aurkezpena eta lehen sorkuntza egonaldia

Euskal Etnopoloaren labelaren karietara, Euskal kultur erakundeak (EKE) eta Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolak (EHESS), Akitania Berriko kultur ekintzen zuzendaritzarekin partaidetzan (Akitania Berriko DRAC-a), «Musika zeharkaldiak Zuberotik Limousinera» izeneko proiektua eramaten dute. Limousin eta Euskal Herriko artisten arteko topaketa bat da.

Helburua da euskaraz, okzitanieraz eta frantsesez ikuskizun berezia sortzea, musika, kantua, poesia eta antzerkia nahasiz.

Proiektu honetan parte hartzen duten artistak Akitania Berriko arras kontrako lurraldeetan bizi dira: Zuberoa eta Limousin. Urruntasun horrek beraz, elkar ezagutzera, ekarrekin lan egitera eta beren aniztasunen inguruan trukatzera bultzatzen ditu; lurraldearekiko eta lurrarekiko atxikimendua, hizkuntzak (ahulduak eta guttituak), kasu honetan euskara eta okzitaniera, proiektuan funtsezkoak direlarik.

Zuzendaritza artistikoa, kultur ondare herrikoiaren interpretatzaile ezaguna eta ezagutua den Mixel Etxekopar-en esku utzia izan da. Proiektu honentzat, Bernard Combi, Maika Etxekopar, Hélène Jacquelot, Pierre Vissler eta Nicole Lougarot-ekin lan egiten du (ikus biografiak).

Argazkia: Camille Riverti
Argazkia: Camille Riverti

Maite dituzten idazle batzuetatik abiatuz, artistek bereziki Marcelle Delpastre-ren okzitaniar testuen eta Itxaro Borda-ren euskarazkoen inguruan lan egiten dute. Ideia da obra poetiko-musikal baten sortzea, nun hizkuntzen, musiken, kantuen eta poesien berezitasunak eta beren arteko harremanak agertuko diren. 

Euskal Etnopoloaren labelaren baitan, EKE-k eta EHESS eskolak kultura ondare immaterialaren eta sorkuntzaren arteko loturak galdezkatzen dituzte, bai eta hizkuntza aniztasuna galdekatzen ere. Beraz, ikerketa proiektu hau Etnopoloak eramaten dituen lanen zentroan kokatzen da. Horregatik, Claudia Llamas eta Camille Riverti, EHESS eskolako bi ikaslek, proiektuan parte hartzen dute, sorkuntza prozesuaren jarraipen etnografiko baten egiteko. Horrela, sortze prozesuaren lekuko berezi bilakatzen dira, prozesua bera aztertuz eta ikertuz. Ikus lehen egonaldiari buruzko ohar liburua (frantsesez).

2018ko ekainaren 27tik 30era, artistak Marcelle Delpastre sortu eta bizi zen Limousinera joan ziren. Sorkuntzaren elikatzeko, topaketak egin dira biztanleekin, soinu grabaketak, musika inprobisazio momentuak eta Marcellen bertso batzuk publikoan erranak izan dira. 

Agorrilaren 1.etik 3ra, taldeak bere bidea Euskal Herrian segituko du, Gotaine-Irabarnen, Hebenko ta Hanko artista topaketa publikoen karietara.

Hitzordua agorrilaren 3an finkatua da, ostiral arratseko 21:30etan, Irabarneko jauregian, sortzen ari den lan honen lehen emanaldi publikoarentzat.