Ipar Euskal Herriko ahozko ondarearen kontsultagunea

Ondare datubase batzuen kontsultatzeko parada erraztu nahiz, 2018ko urte bukaeran Euskal kultur erakundeak Euskal Herriko kultura ondare immaterialaren inguruko ikus-entzunezko eta soinu fondo ezberdinen kontsultagune bat ireki du bere Uztaritzeko egoitzan. Kontsultagune horri esker, hitzordua hartuz, bisitariak EKE-ren edota erakunde nahiz elkarte partaideek utzi bildumak kontsulta ditzake.
Ipar Euskal Herriko ahozko ondarearen kontsultagunea
© Euskal kultur erakundea

Euskal Herriko kultura ondare immaterialari buruzko fondo ezberdinen kontsultagunea

Instituzio eta elkarte eragile ezberdinekin ehundu partaidetza batzuen karietara, bere Uztaritzeko egoitzan, Euskal kultur erakundeak Euskal Herriko kultura ondare immaterialari buruzko hainbat soinu eta ikus-entzunezko fondoren kopia numerikoak badauzka. Anitzetan, fondo horien hedatzeko baldintzak ez dira betetzen horien sarean zabaltzeko. Aldiz, toki berean ikus daitezke.

Euskal kulturari buruzko datubaseak eskuragarriagoak izan daitezen, baina ere gure kulturaren erabilera ezberdinen sustatzeko, EKE-k kontsultagune berezi bat estreinatu du 2018ko urrian. EKE-k dituen ikus-entzunezko eta soinu bildumen kopien katalogo orokor bat egina izan da eta Mintzoak.eus atarian sarean ezarria. Horrela, bilduma horiek kontsultatu nahi dituzten pertsonek eduki interesgarriak begiztatzen ahal dituzte, hitzordua hartu aitzin.

Hona gaur egun EKE-ko egoitzan kontsulta daitezkeen funtsak:

  • Eleketa programaren ikus-entzunezko lekukotasunak (EKE - Pirinio-Atlantikoetako Artxibotegia);
  • Maite Barnetche-ren Euskal Herria orai eta gero (1971-1986) telebista emankizunak (INA);
  • Prusiako Komisio fonografikoaren Euskal presoen grabaketak Alemanian bilduak Lehen Mundu gerlan (Berlingo Etnologia Museoa [Phonogramm-Archiv] - Berlingo Humboldt Unibertsitatea [Lautarchiv]);
  • Ipar Euskal Herrian bildutako "Euskal Herriko ahotsak" egitasmoaren lekukotasunak (Eibar-eko Badihardugu elkartea);
  • "Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazio neutro edo erdibidekoa" lanerako Agustin Mendizabal musikologoak (Oiartzun, 1967) egin dituen grabaketak.
  • Guillaume Irigoyenen soinu artxibo funtsa: Guillaume Irigoyenen 1990-1992 urte arteko soinu artxibo funtsan, elkarrizketak, kultura ekitaldien grabaketak, antzerki, bertsu-saio eta kantaldiak aurki daitezke, eta Jean-Paul Barthe Ainhoarrak Kalifornian bildu dituen Euskaldunen lekukotasunak; 
  • Urdin Euskal Herri irratiko (France Bleu Pays Basque) euskal artxiboen funtsa (1969-1990);
  • Beñat Achiary | Radio France funtsa (funts horretan aurkituko ditugu 1985 eta 1986 artean Beñat Achiary kantari eta bilketariak, eta Jean-Pierre Rollet teknikariak France Bleu Pays Basque irratiarentzat egin zinta magnetikoz osaturiko 14 oreneko bilketa);
  • Xipri Arbelbide funtsa (1382 oreneko soinu funtsa - Xipri Arbelbidek 1974 eta 1998 artean egin euskarazko irratsaioen grabaketak);
  • Jean-Michel Guilcher funtsa (1962 et 1975 artean ikerlariak Iparraldean, Nafarroan eta Biarnoan bildu dantza irudi filmatu mutuen bilduma).

Kontsultagune hori antolatuz, EKE-ren helburua zera da:

  • Publiko zabalari, ikerlariei eta kultura eragileei kultura ondare immaterialari buruzko soinu eta ikus-entzunezko fondo horien kontsultatzeko parada eskaintzea, hitzordua hartuz;
  • Gune hori ikerketa zientifikoari eta sorkuntza artistikoari egokitu lan eta ikerketa eremu bilakaraztea, kultura gune partekatu horien izpirituan.

Partaideak

Gehiago jakin