Mikel Epalza
Mikel Epalza-ren aita-amak haien familiekin Iparraldera etorri ziren 1936ko gerla zibila dela medio eta 1943an Haltsun ezkondu. Mikel, 1946ko otsailaren 14an sortua da, zortzi haurridetarik bigarrena. Ama ofizioz erizaina zen eta aita abokatua eta ingeniaria. Honek lantegi bat (Azkar) muntatu zuen Bidarten, 1968 arte atxiki zuena (ondotik aita-amak Bilbora itzuli ziren bizitzera).
Familia Donibane Lohizunen plantatu zen, Mikelek 4-5 urte zeuzkala. 1950tik 1967ra, ikasketak egin ditu Sainte-Marie eskolan, Uztaritzeko seminario ttipian, Baionako Villa Pia lizeoan eta Akizeko seminarioan.
Kooperazioa, soldadogoaren orde, Guadalupan egin ondoan (1967-1970), apezgai preparakuntza bukatu eta, 1973an Ziburun ordenatua izan zen.
Apeztu bezain laster, itsasora mariñelekin joan zen baina Mgr Vincent apezpikuak galdeginik, hiru hilabeteren buruan, mundu hori utzi behar izan zuen Biarritzeko San Martin parropiara bikari joaiteko. Han egon da hamahiru urtez.
1985ean, apezpiku berak mariñelen gana itzultzea eskatzen dio, diosesako Itsas Misoaren arduraduna izendatuz. Geroztik, 25 urte daramatza Mikelek mariñelen bizia partikatzen, lehen 9 urtetan itsasoan haiekin ibiliz, ondotik anitz elkarte bultzatu eta lagundurik (gazteekin "Itsas Gazteria", emazteekin "Uhaina", Europa mailako mariñel koordinakundea, mariñelen Baionako aterpetxea "Escale Adour", etabar).