Georgette Errecart
Georgette Errecart Arberatzen sortua da 1937an. Lehen mailako eskola Arberatzen egin eta, Baionako Largenté-n, Donapaleun eta Saint-Cyran-en (Oise departamenduan) egona da ikasten. Herrira hurbildu denean, Euskaldun Gazterian engaiatu da 1957tik 1962ra : hor ezagutu du Michel Epherre, bere senarra. 1962an ezkondu dira. Familiatu izanikan ere, bere engaiamenduak segitu ditu, bereziki OGEC-en (erakaskuntza katolikoaren kudeaketa organismoa), bainan ere bere aitaren eta senarraren ondoan.
Elkarrizketa Arberatze Beheitian iragan da. Azken lau belaunaldietan, emazteek dute etxe honen segida hartu. Georgette Errecartek aipatzen digu lehenik bere bizia : haurtzaroa Arberatzen, kanpoan egin dituen ikasketak (Baiona, Donapaleu, Saint-Cyran), gaztetasuna herrian eta Euskaldun Gazterian ukan duen inplikazioa, bere emazte eta ama engaiamenduak hainbat elkarteetan. Bere biziaz mintzatu eta, aitaz ari zaigu (Jean Errecart : 1909-1971), haren engaiamenduaz eta ekarpenaz Donapaleuko eskualdeari.