Frantxoa Belleau
Frantxoa Belleau Garrüze Giñabordan sortu da etxetiar familia batean. 12 haurrideetarik bigarrena zen (8 mutiko, heietan Xeñan elkarrizketatua izan dena ere, eta 4 neska).
1947an ezkondu da (aferma legearen urtea) eta Giñabordan bere aitarekin aferman jarri. 1955ean, jabeak etxea salgai emaiten du. Belleau familiak ezin baitu erosi, joaiten da 1959an Zokotze Pagadoia etxera.
Frantxoak bost haur ukan ditu, seme eta ilobasoek hartu dute geroztik etxaldearen segida.
Bideo grabaketa Amorotze-Zokotze Pagadoia etxean egin da. Frantxoa Belleau bere famili handiaren biziaz mintzo da, 6 urtetik 10 urtera iragan haurtzaroaz eta eskolatzeaz Garrüzen, elizako urratsetaz, laborantza lanetaz etxetiargoa eta aferma baldintzapean. Xeheki deskribatzen ditu sasoineko lanak, bereziki ogiaren, artoaren eta mahastiaren inguruan. Laborantza modernoaren bilakaera kondatzen du, mota berrien garapena (amerikano artoa), produktu kimikoen erabilpena.
1939-1945ko gerlan, Alemanian bizi izan dituen STO urteetaz bere lekukotasuna emaiten dauku, bai eta ere Jean Errecart-en ekarpenaz, bereziki Amikuzeko eskualdean.