Partaideen hitza
Ahetzeko herria
Ahetzeko eskola
Bere eskola proiektuaren esparruan, talde pedagogikoak kultura topaketak eta kultura lekuen tokiko bisitak garatzeko asmoa izan du. Proiektu horren helburuetarik bat mintzaira maila desberdinak landu eta hiztegi berezi baten bereganatzea da.
Proiektu horren obratzeak latsarriaren zaharberritzea du oinarri. Alabaina, aurtengo lan gehienek zaharberritze eta uraren gaiarekin zerikusia izanen dute : estreinatzerako musika sorkuntza, ikuskizunak, Euskal Museoaren eta Bonnat Museoaren bisitak, idazketa tailerra «Libre Plume» elkartearekin, latsarri aren bizitza ezagutu duten lekukoekiko topaketak (latsarria erabili zuten adineko herritarrak, lantokiko langileak ), irudiak, marrazkiak, eta abar.
Gure tokiko ondare horri esker, bidaiak ere eginen ditugu, hala denboran nola espazioan zehar, bestelako kultur a munduen bila.
Euskal kultur erakundea
Euskal kultur erakundeak politika publikoen obratzeak laguntzen ditu. Bere eginbeharretan da egitasmo kolektiboen gauzatzean parte hartzea, bere instituzio eta elkarte partaideekin elkarlanean.
Ahetzeko latsarriaren zaharberritzea horren adibide argia da. Partaidetza aktibo bat osatu da Ahetzeko Herriko Etxearen inguruan, formakuntza profesionalaren alorrean ari direnen, enplegu munduan ari direnen, euskal kulturan ari direnen eta herriko ikasle nahiz pertsona xaharren artean.
Hemen, Euskal kultur erakundeak ondare mailan dituen jakinduriak partekatu ditu (Terexa Lekumberri-ri esker). Formatzaile lan bati esker, lan teknikoaz bestalde, ikasleek, zaharberritzen ari diren objektuaren balio sozial eta sinbolikoa ezagutzeko parada dute. Horrela, espero dugu zaharberritzearen egiazko aktoreak bilakatuko direla eta beren jakinduria eskolako ikasleei, bai eta latsarri hori baliatu izan dutenei erakutsiko dietela...
Latsarri baten zaharberritzea ez da bakarrik eraikin bat erortzerat ez uztea, memoriaren zati bat bizirik atxikitzea da heziketa lan baten egiteko eta bakoitzaren bihotz-adimenen irekitzeko, izan gazte ala xahar.
Etxarri Formakuntza Garapena
20 urtez geroztik, Etxarri zentroak formakuntza ekintzak daramatza Akitaniako Eskualdearen izenean langabeek enplegu bat aurki dezaten. Esparru horretan, gure asmo bizia lurraldeko eragileak izatea da ikasleek lanbide proiektuen inguruan egiten duten gogoeta lagunduz. Horregatik hartzen dugu parte, ahalik eta gehien, lurraldean sustraituak diren proiektuetan.
Ahetzeko latsarriaren zaharberritze proiektua dinamika horretan ezin hobeki sartzen da, arrazoi hauengatik :
- Jendeari bere ondarea ezagutu, ondare horren zaharberritzean zuzenki parte hartu eta «bizirik iraunen duen leku berri» baten eragile bihurtzeko aukera ematen baitio
- Proiektu horri esker, udal lantoki bat norberak bere egoeraz daukan irudikapena aldarazteko aukera baita
- Lanbide/kultura/enplegu mailako gaitasunak biltzen dituen partaidetza proiektu batean parte hartzeko aukera ematen baitigu
- Ahetzeko herriko etxearen proiektu batean parte hartzeko gure nahia adierazteko aukera baita.
Zaharberritze hori latsarrien funtzio eta sinbolismoaren inguruko lan zabalago batean sartuz, ikasleek historia kolektibo batean parte hartu eta beren nortasunaren parte bat berreskuratzeko aukera izanen dute.
Eraikuntzako Lanbideen Lankide-Federazioa
Eraikuntzako Lanbideen Lankide-Federazioak, Angelun kokaturik, formakuntza erakunde gisa aritzen da 1970. hamarkadaz geroztik.
Jarduera hori Lankidetzaren bidez lortu jakitateen transmisio esperientzia luze eta aberatsean oinarritua da. Federazioaren garapenaren esparruan eta alor ekonomiko zein sozialean are gehiago sartzeko nahia baitugu, gure jarduera naturalki hedatu da denei irekia den lanbide formakuntzara.
Hala, publiko desberdinak errezibitzen ditugu Eskualdeko Kontseiluak eta Kontseilu Orokorrak finantzatu hainbat formakuntzaren baitan, bai eta ikaskuntza edo lanbide kontratuen esparruan ere. Formakuntza batzuk, Formakuntza Banakako Oporraren edo enpresaren formakuntza planaren bidez ere eskaintzen ditugu.
Formakuntza-lantoki batean parte hartzeko aukera da gure engaiamenduaren aspektu adierazgarrienetarik. Alabaina, ekintza mota horri esker, sentitzen dugu axola zaizkigun gai guziak lantzen ahal ditugula: formakuntza eta jakitateen transmisioa, partaidetza, txertatze soziala eta lanbide txertatzea, lurralde batekiko atxikimendua.
Era bereziago batez, Ahetzeko lantokiak formakuntza erakunde desberdinen begirada gurutzatuaren abantaila eskaintzen digu, kontuan harturik bakoitzak bere gaitasun eta esperientzia publiko beraren zerbitzura jartzen dituela. Lantoki horri esker, ikasleek keinu teknikoak menperatzeaz gain, birgaitze lan bati ematen ahal zaion zentzua ere sakontzeko aukera dute. Horretarako, proposatzen zaiena belaunaldi arteko trukaketetan bermatzen da, iragana eta orainaldia bateratzen dituztenak eta geroa ere aipatzen dutenak, beren lanak utziko duen «arrasto» kontzeptuaren bidez.
Bestalde, teknikak ikasteko bide bat da, ikaslea baloratzen duen lanbide baten ikuspegi bat. Kalifikazio lehen maila baten menperatzea eskatzen duen formakuntzaren baliozkotzeaz gain, ikaslea iraunen duen eta baliagarri izanen den «zerbait eraikitzeaz» harro izan daiteke.
Era berean, lantoki bateko lan-baldintzak ezagutu eta geroko lanbide txertatze a prestatzeko aukera ezin hobea da ikasle batentzat.
Euskal Herriko Gazteen Etorkizunari buruzko Misioa
Euskal Herriko Gazteen Etorkizunari buruzko Misioak eskolako sistematik atera diren 16-25 urte arteko gazte guziak errezibitzen ditu, lehentasuna hirugarrenetik Baxo arteko maila dutenei emanez.
Horretarako, gazteei erantzun egoki bat emateko asmoz, aterabideek ondoko gai guziak kontuan hartuko dituzte: enplegua, formakuntza, arazo sozialak, bizilekua, kultura, kirolak, aisialdiak, eguneroko bizitza eta hiritartasuna. Gaztea laguntzen duen aholkularia erreferentea da arazo guzietarako. Profesional adituekin harremanetan sartzen da gazteak pausatzen dituen arazoei erantzuteko gisan. Gainera, aholkulariak behar adina laguntzen du gaztea, honek enplegu edota formakuntza bat aurkitu arte.
Sarearen mailatze bati esker, 27 bulego eta aholkulari ibiltari eman dira publikoaren zerbitzuko estaliak diren 23 kantonamenduetan.
Tokiko Misioa lankidetza hertsitan ari da lanean tokiko elkargo (herriko etxeak, herri elkargoak), eta lurralde elkargo guziekin (Eskualdeko Kontseilua eta Kontseilu Orokorra). Ahetzeko latsarria bezalako proiektuen obratzean partaidetza logika batean sartzen da, proiektuari ekarpen filosofiko zein teknikoa, bai eta dagokion lurraldean publiko gazte baten identifikazioa ere ekarriz.
Kontseilu Orokorreko «Gizarteratze Enplegu Gunea»,
Kontseilu Orokorreko «Gizarteratze Enplegu Guneak», Elkartasun Aktiborako Errenta eskuratzen dutenen lanbide txertatzeaz arduratzen denak, kemen handiz parte hartzen du proiektu horretan. Alabaina, lantoki horrek honako hauek eskaintzen dizkie Elkartasun Aktiborako Errenta eskuratzen dutenei: enpleguak sortuko dituen alor batean formakuntza egiteko aukera bat eta aterabide iraunkorretara (formakuntzara edo enplegura) eramanen dituen laguntza berezi bat. Euskarri pedagogikoa, hau da, latsarria interesgarri eta baloratzailea da. Erakundeen arteko, formakuntza egituren arteko lankidetzak eta publikoen aniztasunak gehigarri bat ekartzen diote halako ekintza bati.
Akitania Eskualdeko Kontseilua
Formakuntza-lantokien garapena da Akitania Eskualdeko Kontseiluaren lanbide formakuntzaren ardatzetarik bat.
Formakuntza-lantokia eginbide pedagogiko bat da, formakuntza eta ekoizpena bateratzen dituena. Lanbide formakuntzari buruzko neurri-multzoen esparruan sartzen da eta tamaina naturaleko ekoizpen baten gaineko ekintza kolektiboa suposatzen du. Ikasleak enpresa baten egiazko baldintzetan ari dira lanean.
2009an, lurraldeko formakuntza ekimenak laguntzeko politika baten garapenak, lantoki horien obratzearen bidez, arrakasta handia bildu du : 12 lantoki eratu dira gure eskualdean; 2010ean, horietarik hiru laurdenak berrituak izanen dira eta beste hamabi, programatuak.
2010erako proposatu da lantoki horiek «bigarren aukerako kalifikaziorako eskola-lantokiak» deitzea. Alabaina, dispositibo hori osoki sartzen da ekoizpen euskarri konkretu baten bidez kalifikaziorik ez duten gazte zein helduak kalifikazio eta enplegu batera eramaten dituen eskualdeko aukera berdintasunerako politikan.
Lantoki horien helburuak honako hauek dira :
- Tokian berean formakuntza bat eskaintzea lurraldeko langabeei , enplegutik urrunen daudenei bereziki, gutxieneko kalifikazio lehen maila bat lor dezaten.
- Lurraldeko langabeei lan sektore bati dagozkion lanbide desberdinetara konkretuki hurbiltzeko eta eskulan beharrei egokitu gaitasunak garatzeko aukera ematea.
- Tokiko hautetsiak langabeziaren aurkako xede batekin konkretuki elkartzea tokiko ondarearen balorapen eta ingurumen babespen logika batean.
Lantokian ariko direnak tokiko misioek jarraitu gazteak dira, Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarrera eskuratzen dutenak, Akitaniako langabeak. Haien lanbide proiektua lantokiko lan sektoreari lotua da. Tokiko Misioek, Enplegu Guneek edo Cap Emploi erakundeak bideratuak dira.
Lanbide formakuntzako ikasleren estatutua dute lantokiaren bitartean. Eskualdeak eman lansaria eskuratzen dute, langabezia sorospenik ez badute jasotzen.