Latsarria, tokiko oroimenak ikusia
Ondare baten zaharberritzeak ez du zentzurik ez bada ondare horrek bizi izan duenaren baitan sartzen... Latsarriaren zaharberritzaileak Germaine Pouyal (sortzez Carrera izena zuena), Kattin Miranda, Louisette Sanchez eta Christiane Dupuy-rekin (azken bi hauek sortzez Etxoan izena zutenak) elkartu dira, kafe baten inguruan. Lauek latsarria erabili edo erabiltzen ikusi zuten.
Germaine Carrera
Germaine Carrera, 1934ko martxoaren 5ean sortua, latsarriaren ondo-ondoan dagoen Iturraldea etxekoa da.
7 haurridetarik zaharrena izanik, herriko eskola 14 urtetan utzi zuen serorek atxikitzen zuten lantegira joateko.
Hiru urteren buruan, Angelun hasi zen lanean neskato gisa, Gelosera abiatu aitzin.
Germainek Biarno Gelosen zuen bere senarra ezagutu eta harekin lau seme-alaba izan ditu.
Germaine ia beti latsarritik hurbil bizi izan da, aitamak aldi baterako egon ziren Helaita-ren, familiaren etxea zen Iturraldearen eta familiaren ondasuna zen lurzati batean Pouyal bikoteak eraiki zuen Ur Onea-ren artean. Etxeko garbiketak egitea zuen ogibide.
Jeanne-Marie amatxi eta Catherine ama xuriketariak zituen.
Aitatxik lagundurik, Jeanne-Marie-k arropa esku-orgaz garraiatzen zuen etxe batzuetatik eta garbi-garbia itzultzen zuen. Emagina zen ere.
Germaine-ren aitatxi (Xemartin) eta aita (Mattin) arotzak ziren.
Kattin Miranda
Kattin Miranda, 1926ko urriaren 26an Ahetzeko Etxeberrian sortua, bordari familia batekoa da. Hameika seme-alaba ziren. Anaia batekin batera, Kattin-ek hartu zuen etxaldearen segida eta anaia hil arte segitu zuen kudeatzen. Orduko 40 urte zituela, Etxeberri utzi zuen herriko apartamendu batean bizitzeko, ber denboran garbiketak eginez. Etxeberrian bizi zen garaian eta ezkila-dorreak elektrifikatu arte, Miranda familiak beti jo izan ditu herriko ezkilak. Kattin-en amak latsarria erabiltzen zuen astelehen arratsalde guziz. Bi lekuko harria berea zen.
Louisette eta Christiane Etxoan
Etxoan bi ahizpak Ahetzen sortu ziren: bata (Louisette) Bikarioenean 1934an, bestea (Christiane), gazteena, Elizondoan 1943an. Elizondoa izenak adierazi bezala, Louisette eta Christiane apezetxearen eta seroren ondoan bizi ziren. 14 urtetik 17 urte arte, seroren lantegira joan ziren: bertan otoitzak, petatxatzea, broderia eta sukaldaritza zituzten eguneroko lan. Louisette-k zerbitzu anitz ematen zizkien apeza eta honen neskatoari (etxeko garbiketa, urketa, esneketa, erosketak, gobernantaren iloben zaintza, eta abar.). Geroago, biak joan ziren Parisera: Louisette 7 urtez egon zen Frantziako hiriburuan eta Christiane, 23 urtez. Ama oraindik ikusten dute Elizondoa etxe horretatik abiatzen (gaur egun anaia da bertan bizi) latsarrira joateko, astelehen arratsaldetan.