Ahetzeko latsarria haurren begietatik
Ahetzeko lehen mailako eskolak 148 ikasle dauzka gaur egun (7 gelatan banaturik), horietarik 80 gela elebidunetan baitira. Haurrek eraman zaharberritzearen inguruko lana eskola proiektu batean sartzen da.
Lan desberdina da gela batetik bestera : « kamishibaien » inguruko idazketa tailerra (ama eskolan) Libre Plume elkartearekin partaidetzan ; uraren egoera desberdinei eta duela 100 urteko bizitzari buruzko ikuskizuna, Zitadelako eskola osoak emanik ; Euskal Museoaren eta Bonnat Museoaren bisita (CE1, CE2, CM1, CM2) ; musika proiektua, latsarriaren estreinatzearen karietara antolatu emanaldi baterako (eskola osoa) ; adineko pertsonekiko elkarrizketak ; arte plastikoen eta idazketaren inguruko ekimenak...
CM1-CM2 geletako ikasleek lantokiaren lehen bisita bat egin dute obrak hasi aitzin eta bigarren bat, obren bitartean. Horietarik batzuek hemen eskaintzen digute beren inspirazioaren emaitza.
Ahetzeko Latsarria Audrey-ren begietatik (CM2)
Latsarria Ahetzeko herrian da. Lehen, jendeak erabiltzen zuen baina gaur egun, ez da gehiago erabiltzen. Hara joateko, eskolatik hurbilen dagoen biribilgunetik abiatu behar da. Gero, Senpereko norabidea hartu behar da. Bide bazterrean elorriak eta belardi ttipiak badira. Latsarria lehen zubitik hurbil dago.
Latsarriaren gibelean, turrusta eta erreka bat aurkitzen dira. Ezkerrean, etxe bat eta etxe horretako paretaren kontra, gas zisterna bat. Harraskaren inguruan eta barnean belar handiak eta sasiak hazten dira. Kasik ez da urik gelditzen. Harraskaren aitzinean, bada bide bat, euskal etxera eramaten duena. Errekak ura ekartzen dio latsarriari. Gas zisternak latsarriaren inguruak andeatzen ditu.
Latsarriaren erdian, bi zutabe badira. Garbitzeko harriak harraskaren inguruan ezarriak dira. Lehen, xuritzaileek garbitzeko harri horien gainean jotzen zuten arropa. Lehen, teilatu bat bazen, zutabeetan pausaturik. Pertsona batzuek latsarria zaharberrituko dute.
Ahetzeko latsarria Uhainaren begietatik (CM2)
Ahetzen dagoen latsarri bat da, gehiago erabiltzen ez dena. Herri barnetik hurbil kokatua da, Senpereko bidean, patarraren zolan, zubi baten ondoan. Parean, bada soro bat zaldi batzuekin. Oinez joan gara hara, ez baita eskolatik urrun. Aparkalekua zeharkatu dugu : latsarrirako ibilaldia ez dut gustukoa izan zeren eta, hara heltzean, arrabots gehiegi baitzen autoengatik. Latsarriaren aitzinean hesiak ezarri dituzte gehiegi ez hurbiltzeko eta ezkerrean, gas zisterna bat bada. Etxeak ezkerraldean dira eta horietarik bat besteak baino pixka bat zaharragoa da. Latsarriaren gibelean den errekak ura eramaten du harraskaraino. Ez dut asmatzen ahal xuriketariek nola garbitzen zuten arropa, urera erori eta latsarrira heltzen ahal ziren elorriengatik. Ura marroia da ur hodia tapatua delako. Erdian, sasiek betetzen dute harraska. Barnean, poltsak bezalako hondakin anitz badira...
Latsarria zimentuzkoa da eta zutabeak gelditzen dira, zeren eta lehen, teilatu-hegal batek harraska babesten baitzuen hostoak urera erori edo xuritzaileak busti ez daitezen. Alde bakoitzean garbitzeko harriak badira. Aurten, gazte batzuek zaharberrituko dute !
Ahetzeko latsarria Léa L.-ren begietatik (CM2)
Herriko ateratzean dagoen Ahetzeko latsarria bisitatu dugu. Orain, ez da gehiago erabiltzen. Senpereko bidean kokatua da, muino baten zolan, latsa zeharkatzen duen zubi baten ondoan.
Latsarriaren inguruan, baso ttipi bat latsaren ondoan da, baina elorriak orotan hazten dira. Latsarriaren ezkerrean, bada euskal etxe eder bat, baina paisaia gas zisterna batek andeatua da.
Harraska sasi eta erori diren adarrez betea da eta harraskaren aldeetan bi zutabe badira eta uste dut teilatu bat atxikitzen zutela. Harraskaren inguruan, bi harri badira : pentsatzen dut xuritzaileek erabiltzen zituztela arropa garbitzeko. Gure parean, ur hodi bat bada, ura harraskaraino ekartzen zuena.
Ahetzeko latsarria Léa D.-ren begietatik (CM2)
Latsarri zahar hori Ahetzen da. Oinez joan gara eta biribilgune batetik hurbil pasatu gara, Senpereko bidean. Zubixka baten ondoan kokatua da, muino baten zolan. Latsarriaren ondo-ondoan, herribazter bat ere ikus daiteke. Atsegina zen hara joatea ez baitzen biziki luzea. Latsarria abandonatua da. Ene ustez harraska garbitu behar litzateke sasiz eta belarrez betea baita. Batzuetan, buztan gabeko sugandilak ikus daitezke. Hortik hurbil bada gas zisterna bat, paisaia andeatzen duena. Ezkerrean, lats bat ikus daiteke, latsarria hornitzen duena. Ondoan, zuhaitzek itzala ekartzen diote latsarriari. Pentsatzen dut lehengo xuritzaileek garbitzeko harrien gainean ezartzen zutela arropa eta harraskan murgiltzen zutela. Latsarria zimentuzkoa da. Uste dut lehen teilatu bat ikusten ahal zela zeren eta zutabeak gelditzen baitira. Latsarrira heltzen den ura, elorriz bete turrusta ttipi batetik datorren erreka batena da. Latsarria zaharberrituko dute zaharra delako.
Ahetzeko latsarria Emma C.-ren begietatik (CM1)
Latsarriko bidea ez baita luzea, oinez joan gara. Ahetzeko eskola ondoko biribilgunetik abiatu behar da. Biribilgunean, Senperera hartu, pixka bat segitu eta eskuinera biratzen duen bide bat ikusiko duzue, zubi ttipi baten ondoan da. Bada gas zisterna bat ere. Nire gustuko, ibilaldi polita da.
Latsarriaren ertzean lats polit batek muinoaren bazterra segitzen du. Latsarriaren ondoan, belar handiak eta sasiak hazten dira. Paisaia zikintzen dutenak latsarriaren inguruan diren hondakinak dira. Tokia garbitu behar lukete ! Latsarriaren gibelean, badira elorri eta asun anitz, pena da ! Beharrik, gazteek zaharberrituko dute. Latsarriko harraska latseko urak hornitua zen. Preseski, belar handiek eta sasi anitzek ia osoki estaltzen dute harraska. Aldeetan, garbitzeko harriak badira, non xuritzaileek arropa jotzen baitzuten.