Ondaregune batzuen bisita
Zaharberritzea ez da soilik babespen ekintza bat. Gaur egun salbatzen dugu bihar oroimen horrek bizirik iraun dezan. Ahetzeko latsarriaren zaharberritzaileek beste ondarezale batzuekin topo egin dute : azken hauek, xede hezitzaile bat gogoan zutela, beren etxeetan edo auzoetan dauden iraganeko arrastoak babesten lagundu dute.
Jocelyne Larcebal, "Louillot-eko Latsarriaren Adiskideak" elkarteko kideak Angeluko bi iturri ezagutarazi dizkio hargin taldeari (Bessouye eta Hondarro), bai eta Euskal Herriko azken haize errota ere, usaian Lannes-eko dorrea deitua dena.
Zurgin taldeak aldiz Bessouye-ko latsarria bisitatu ahal izan du arraberritze lanak kudeatu dituen Alain Arondel konpañonarekin. Bessouye edo Dassouye-ko iturria, herriko karrika itsu baten hondoan, Parmeko pistaren hegoaldean, Brindos etorbidearen eta Ermita bidearen arteko juntura pasatu eta 200 metrotara kokaturik, zaharberritua da gaur egun. "Garden eta kantari, bi zati desberdinetan banatu harraska betetzen du, bata harri batekoa, bestea bost (), sei harrikoa bakarrik, zeren iturria eraiki zen garaian Bessouye-ko herribazterrak bost etxe baizik ez baitzeukan, horien artean Dassouye baserria". Pierre Lafargue-ren, "Iturri berreskuratuak" liburutik hartua.
Hondarroko iturri zaharberritu gabeak jatorrizko 10 harrietarik 4 baizik ez dauzka gaur egun.
José Saplairolles, Xan Errotabehere eta Armand Haitze, "Ur Begi" elkarteko kideek Iturbideko latsarria eta UztaritzeHeraitze auzoko gisu-labea deskubriarazi dizkiete, biak elkartearen kemenari esker zaharberriturik daudelarik. ikus Uztaritzeko latsarriaren arraberritzearen inguruko txostena).
Zurginek, beren aldetik, bi ondaregune bisitatu dituzte Senperen: XVII. mendekoa den Inharria Ibarrunen, Peio Fagoaga etxearen jabea eta Xemartin Bachoc zzurezko etxeen ikertzaileak eman argitsunez lagundurik, eta Senpere herri barneko Legarreta latsarria (1855n erraikia), arraberritze obrak kudeatu dituen Luis Gallaregui zurginaren gerizapean.
Luixa Daguerre-k eta Jean-Bruno Etcheberry honen ilobak Plazako Errotako ateak zabaldu dizkiete, Senperen.
XIV. mendeko errota hori, lehen Senpereko jauregiaren ondasuna zen. 1922an, Daguerre familiak erosi zuen. Jardunean egon zen 1972 arte. Ondarea hezkuntza tresna izan daitekeela komentziturik, 1998az geroztik ondorengoek iringintzako jarduera berriz abiatu dute, xede hezitzaile batekin.
Elias Tapia saratarrak apustu bera egin du Ortillopitz familiako etxearekin, 1540ko etxe baten aztarnen gainean 1660an eraikia.
Hain zuzen ere, XVI. mendeko etxe horretatik haritzezko egitura ohargarria eta harlanduzko hesi lodiak bertan gelditzen zaizkigu.
Bisita iruzkindu bati esker, ikasleek hiru solairutan banatu 600 m2-ko etxe handi horren egitura eta historia, bai eta honen ingurumena ere (meta, baratzea, sagardia, mahastia, latsarria) ezagutu dituzte.
Michel Urbistondo harri-pikatzaileak Larruneko hareharrizko harrobi handiak ezagutarazi dizkie Azkainen (Sarako bere tailerraren bisita eskaini aitzin). Larrun mendiak ospe handia du eraikuntzan lanean ari direnen artean aspalditik erabilia den bertako hareharriagatik. Bigarren aroaren hasieran agertu zen meategia Euskal Herri osoan zabaltzen da (ez bakarrik Larrunen, baizik eta Bidarrai, Baigorri, Arrosa, Irulegi eta Aldudeko herrietan ere), bai eta Nafarroako Baztaneko mendietan ere. Siliziozko hareharri horrek bi kolore nagusi izan ditzake : arrosa ubeldua eta zuri-grisa. Larruneko Hareharrizko Harrobi Nagusietako sozietatea da hareharri mota horren ustiatzaile bakarra 1924az geroztik.
Azkenik, Pantxoa Iturria ONF, Oihanen Erakunde Nazionaleko teknikalariarekin, Senpereko oihanean zehar ibili dira (1200ha), Euskal Herriko 4 oihan motan handiak bereiziz (lehenbiziko oihana, haritz kapetatua, pagoa eta espezie exotikoak) eta hauen erabilpena zurgintzan eta mahasturigintzan zein den ikusiz.