Arotz eskuak

2012/04/11
Arotz eskuak


Begiak amildu eta eskuak begiratu ditut. Ferekatu dute inoiz larruazal izerditsurik, zauritu dira askotan, baina, gazte eta leun diraute oraindik. Egunei aurre egitearen eskalada geldiezinak sorturiko baba bat edo beste baduten arren, hatzazal arteko lurra azal-azalekoa da, lehorra. Azalak artean, ez du lehorte arrastorik. Aitona zenarenenak oroitu ditut segidan, handiak, zabalak, ximurrak, egurra bezain gogorrak eta harria bezain latzak ziren eskuak. Arotza nuen aitona. Esku bakoitzean, bazuen zentimetro gutxi batzuk galdutako hatzen bat, horrez gain, eskuinekoan, anaiarekin ehizean zebilela egindako zauri prehistoriko haren arrastoa. Bikain moldatzen ziren baina, esku zatar haiek, forma ederreneko altzari sendoak osatu, bilobaren esku izoztuak epeldu zein munduaren kolpeak sahiesteko ere. Begirada beherantz zuzendu dut beste behin beso muturrak arretaz behatuz. Hain zuri, horren baldar… Aitonaren eskuak izan nahi nituzke noizbait, gora baino, sakon eramango nautenak, zauriz beteak, mardulak, indartsuak, ikasiak. Arotz izan edo ez, bizitza eskulana baita, ez besterik.

Lander Arretxea

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)