Epaimahaiko kideen hitza

Bertrand Dezoteux eta Nader Koochaki irabazle atera dira, azken finean, Hogei'ta arte bisualak proiektu deialdian. Orenak eta orenak eztabaidan, hautaketan, kritiketan iragan ondoan, epaimahaikideek beren lekukotasuna luzatu digute hemen, bizi izan duten esperientzia berezi hori kontatzeko.

Iritzi anitzen artetik, puntu bakarrak elkartzen ditu : gazteria hor dago, goseak, sortzailea, berritzailea. Euskal kulturaren aldaxka gazteak baizik ez dira oraindik, zuhaitza zaharrak artista horien beharra baitu jadanik, argia harrapatzeko, hatsa hartzeko eta izateko, globalizazioaren zurrunbilo zoroan.

Olivier de Monpezat - Miarritzeko Arte Goi Eskola

Arte eskolako ordezkari gisa, Hogeita bezalako deialdia zertan da ona artista gazteendako ? Proiektu deialdi hori artista gazteendako onuragarri da, beren ikerketa pertsonalekin bat doan urrats artistiko profesionala egitera behartuak baitira. Hogeitarekin, proiektu bat gara dezakete baliabideekin, arras baldintza onetan. Horrez gain, eskainia den obra euskal kulturarekiko engaiatzen da, hari garaikidea luzatuz. Epaile gisa, zein izan dira zure hautaketa irizpideak ? Txostenaren kalitatea da ene lehen irizpidea, artistaren urratsa fidagarria eta egokia denez erakusten baitu. Hala ere, munduari begirada berria eskaintzen duten irudikapenei kasu handia ematen dut. Horrez gain, kontzeptuak, teknikak eta plastika menperatzen dituen proiektua garatu behar du artistak. Proiektu deialdia irudian oinarritua zen. Horrek ez ote du arte garaikidearen eremu zabala murrizten ? Ez zait iduritzen, Hogeita proiektu deialdi artistikoak irudi dimentsioa anbiguotasunik gabe aurkezten baitu. Gainera, irudiaren eremua obraren muinera ekarriz eta arte garaikideak esploratuz, idazketa eta hedapen modu berriak asmatzera behartzen zaitu. Ondorioz, artistak irudiaren zibilizazioa zuzenki galdezka ematen du, publikoari zalantzak luzatuz, izpiritu kritikoa garatuz.

Laetitia Leglise - EHZ

Irabazleen hautaketa zaila izan ote da, zuretako ? Iparraldeko aktore kultural gisa gomitatu gaituzte, baina arte garaikide proiektuen korapiloak desegiteko gaitasun tekniko guti dugula aitortu behar dut. Hala ere, begirada berria eta ezberdina (lanketan, forman, gaietan...) eskaintzen zuten proiektuak lehenestea izan da gure xedea ; hiru dimentsioko arloa, Bertrand Dezoteux artistaren proiektuan, berritzailea, handinahikoa, arrunt gustatu zaigu. Nader Koochakiren proiektuak, argazki eta bideoen bidez, soziologia eta antropologia bezalako sailak jorratu nahi ditu. Iragana, kultura, tradizioa eta gaurko lekukotasunen artean. Hogeita proiektua EHZko filosofiaz zertan hurbiltzen ote da ? Azken garaietan, EHZ elkarteak lekuko musikariei eskua luzatzen die, urtean zehar (EHrZ lehiaketarekin) eta festibala denboran, Mursego, Napoka Iria... bezalako artistak egitarauan sartuz. Iaztik, IRUDIKATU eta SORGIN proiektu berriak plantan eman ditugu, sorkuntza sostengatu nahian. Naturalki, gure burua Hogeita proiektuaren baitan kokatzen dugu, artistak eta beren lanak lehenetsiz. Euskal kultura zertan da gaztea ? Gaztetxeetan, elkarteetan, beren herrietan gazteak egunero lanean ikusten ditudala erran dezaket, zerbait ezberdina eskaini nahiz, “folklorikoak ez diren” gertakariekin, egitura profesionalek baino nahikeria gehiagorekin. Gazte horiek euskal kultura modernoa asumitzen dute beste kulturekin lotuz, ene iduriko. Kolektibitateen engaiamendu eskasa eta baliabide faltarengatik, dinamika azkarra abiatzeko arrastak daude. Baina ahal gutirekin ere, etengabeko sorkuntza badela ikus daiteke.

Esperanza Luffiego - Tabakalera

Epaimahaiko esperientzia nola bizi izan duzu ? Biziki interesgarria izan da, agian EKE ez da horretan geldituko, horrelako proiektuek gure sare sortzailea indartzen baitute. Lanak Euskal Herriko txoko guzietatik aurkeztu dituzte, maila franko gorakoak, ikus-entzuneko proiektuak. Ene esperientzia zaila izan da, obra batzuei zinez atxikia bainintzen. Artista batentzat, beti garrantzitsua da laguntza jasotzea bere proiektua garatzeko, eta hori ardura handia da guretzat. Ene irizpideak aipatzeko, forman arriskuak hartu dituztenen alde egin du apustu eta, kontzeptuei ere kasu eginez, gure kulturaren inguruko hausnarketa berezien alde jo dut, usaiako topikoetatik ihes egin nahi zutenak sostengatuz. Ikerlana lehenetsi dut, azkenean. Kasu batzuetan, errealitateari begirada pertsonala eta berritsua ematen zutela baieztatu didate. Gaurko artista gazteengan nolako eragina du irudiak ? Irudia, ene ustez, jakintzara eta sorkuntzara heltzeko paradigma da gaur egun, batez ere gazteentzat, sare sozialetan integratuz « bestearekin » interakzioan sartzen baitira. Gaurko sortzaile gazteak irudiek inguraturik bizi izan dira. Ondorioz, beren adierazpenen esparru naturala dela erratea logikoa da. Hala ere, batzuk erreferentzia komunetatik haratago joaten dira, ikusmolde bat eraikitzeko gai izanez, bizi diren jendarteaz eta munduaz etengabe pentsaraziz. Hemengo proiektuak ikusirik, Tabakalerak arte garaikidea bultzatzen segituko du ? Batzuk biziki figuratiboak ziren, euskal kulturarekin gozoak, ezagunak zaizkigun irudiak errekuperatuz. Hizkera pertsonalaz bide berriak bilatzen dituztenak interesgarriagoak izan zaizkit, beren erreferentzia kulturarekin bekoz beko eman direnak, euskarri digitalak sorkuntzan eta kultura kontsumoarengan eragiten dituen aldaketekin. Nader Koochaki adibide egokia zait. Tabakalera ekoizpen plataforma izanen da, agertzen ari diren artista horien esku utziko duguna, komertzialak ez direnak, baliabideak behar dituztenak, arlo guztietako ingurumen sortzailea beharko dutenak, beren -ikus-entzunezko- proiektuak ekoizteko. Hala ere, biziki interesgarria ziren bideo egitasmo batzuek ezin izan dutela irabazi azpimarratu nahiko nuke, artistek ekoizpenerako edo dirua bilatzeko astirik ez baitzuten, azken epea azaroa izanki. Pena da, Myriam Aiçaguerren Hegiz Hegi proiektua bezalakoak automatikoki baztertuak izan baitira.

Eric Dichary - CPIE

Ingurumenari lotua den egiturako ordezkaria zara. Nola deabru epaimahai artistiko batean sartu zara ? Abadiako Adixkideak elkartearentzat, CPIE labela berriki ukanik, puntu baten egiteko aukera da, historian kokatzea arlo artistiko eta kulturaletan. 1997. urtetik geroz, artista erresidentziak antolatzen ditugu Nekatoenea baserri zaharrean. EKEren partaidetzari esker, udazken honetan Fernando Morillo idazlea dugu gomita, urriaren 17tik azaroaren 27ra, Hogeita egitasmoaren karietara. 2010. urtea irekidurarena izan da : kultur arlo berriak, Hego Euskal Herriko erakundeekin partaidetzak. Kultura munduan izan ditugun inplikazio azkar horiei esker Hogeitako epaimahaira deituak izan garela iduritzen zait. Guretzat, ingurumena eta kultura lotzen dituen ikuspegi zabala beharrezkoa da gaurko mundua pentsatzeko. Zerk harritu zaitu gehienik irabazleen lanetan ? Antropologo gisa, Nader Koochaki Etxeberriaren txostenaren kalitatea gustatu zait, zeharkako hurbilpena ekartzen duen diskurtsoa ere bai. Bertrand Dezoteuxren proposamena ere xarmagarria izan da, euskal jendarteaz izaten ahal dugun begirada berritzen laguntzen baitu. Laborantza mundua hiru dimentsioaren parean ezartzeak, umore izpi horrekin, ez du publikoa hotz utziko. Eskaintza artistiko horiek Hogeita bezalako egitasmoaren interesari indarra ematen diote, artista gazteei proiektuak garatzeko ahala ematea beharrezkoa baita. Beharrezkoa euskal mundu garaikidea berriz pentsatzeko gai diren molde berezietara heltzeko. Artistikoki iraulia den euskal mundura heltzeko aukerak. Zure iduriko, Abadiako Anttonek zer pentsa lezake gaurko arte garaikideaz ? Gizateriek, zientziek, hizkuntzek, arkitekturek, kulturek eta arteak Abadiako Antton beti hunkitu izan dute. Bere jauregia eta eremuan ibiltzea aski da horretaz ohartzeko. Gaur bizi izan balitz, arte garaikidea suharki babestuko lukeela dudarik ez dut. Hainbat krisiaren erdian (finantza, ekonomikoa, ekologikoa, identitatea...) ederki lagunduko gintuzkeen mezenasa.

Anne-Marie Jeannou - Berinak

Berinak, zuen festibala, trukaketan oinarritua da. Epaimahaikideen artekoa nolakoa izan da ? Trukaketa edo ezagutza, enetzat, derrigorrez denbora hartzean dago. Denbora da, ene iduriko, azken luxu garaikidea, ematea, hartzea, astiak baimentzen baititu trukaketak eta ezagutzak eraikitzea. EKEn iragan dugun arratsalde hartan, epaimahaikideekin, baldintza guziak baziren horretarako. Hautagai guziek aurkeztu dituzten lanak nolakoak izan zaizkizu ? Eskaintzak anitzak eta aberatsak ziren. Sortzaile batzuek bideo arteaz eta arte garaikideaz ukan dezaketen ikuspegi lausoa salatzen dute. Hein handiko ikerlan artistikoak agertu dira, ordea... arte garaikide mugimenduaren eraikuntza adierazten dutenak. Bideoak eta irudiak zer ekartzen dute arte garaikideari ? Ez nezake ekarpena aipa, baizik eta eraikuntza. Bideo artea funtsezkoa da arte garaikidean, lotzen dituen puntuei esker, materia kentzea bezala, instalazioa, edota obraren erakusteko urratsa.

Pantxoa Etchegoin - EKE

Zer izan da, zure iduriko, ezberdintasuna bi irabazleen artean, gainerateko hautagaiekin konparatuz ? Lehenik erran behar dut 31 egitasmo aurkeztuak izan direla, denak maila onekoak, eta hori bozgarria da. Hautaketa zaila izan da baina epaimahaikide ezberdinak izan arren, adostasun batetara heldu gara. Alde batetik, Bertrand Dezoteux hautatu dugu, bestekilakoaren gaia interesgarria baita eta forma aldetik hiru dimentsioetako filma moderno bat proposatzen baitu. antropologoak aldiz atzoko objektuetarik abiatu eta, haien eraldaketa lantzen du, bai eta ere memento berean, jendeen irudipena, argazkitan edo bideotan agertuko diren objektu zaharren eta berrien aitzinean. Bi egitasmo ezberdin, bi gogoeta baino gehiago... Hogei'ta proiektuak zer ematen dio EKE-ri ? Beste hainbat ekintzen artetik, Euskal kultur erakundeak nahi du sorkuntza artistikoa sostengatu, oroz gainetik gazteak aktore izanez. Beraz oroz gainetik Hogei'ta labelak euskal kulturari eman nahi dio berrikuntza adierazpen ezberdinetan. Horretarako, egitasmo deialdi andana bat alhan ezarriko dugu, ahantzi gabe haur eta gaztetxoei ekarri nahi dieguna, eskola denboran, euskal kulturaren ezagutzeko euskarriak proposatuz, beste partaide batzuen laguntzarekin. Eta arte garaikideak, zer ematen dio euskal kulturari ? Euskal kulturari forma ezberdinak emaiten dizkio, eta ene ustez, nola margoak edo eskulturak, hala beste adierazpen artistiko garaikideak, ahantzi gabe hedapen euskarriak (bideoak, entzun-ikusezkoak,etabar), gazteak - ez bakarrik - erakartzeko egokiak dira. Artista horiek euskal kultura aldatzen dute, eta gu betiko irudietarik ateratzen gara, errealitatetik irudimenean sartzeko. Eta preseski, kulturak irudimenaren eta gogoetaren iturri izan behar du. Harritua izan naiz jakiteaz adibidez Bertrand Dezoteux artistarentzat, jakin gabe ere zer jalgiko den, Irisarriko ehun bat biztanlek gogotik parte hartu dutela egitasmo horretan, idekidura, soiltasun eta zintzotasun haundirekin. Egiazko bizikidetasuna sortu da jendeen artean. Beraz, ez dira ezin gaindituzko mugak, jendeen eta arte garaikidearen artekoak. Ikusnahi apur bat aski da !