Kultura politiketan euskal kulturaren integrazioaren eta garapenaren laguntzea

Gaur egun, EKE baliabide-zentro ezagutua eta ezinbesteko partaidea da euskal kulturari doakionez. Zilegitasun hori oinarritzen da:

  • hogeita hamar bat urteko esperientzia batean;
  • kultura ingeniaritza alorrean dituen gaitasun profesionaletan;
  • sareen bihotzean integratzeko daukan gaitasunean.

Euskal kultura eta bere berezitasunak kultura politika publiko ezberdinetan ahal bezain eraginkorki integratuak eta kontutan hartuak izanen direla segurtatzen du EKE-k.

Kokagune horri esker, bere gaitasuna eta aholkuak ekartzen ahal dizkie lurraldeko elkargo ezberdinei eta labelizatuak diren ikusgarrigintza alorreko egiturei. EKE-k akuilatzaile eta koordinatzaile lan garrantzitsu bat egiten du beraz, euskal kultura kultura politika ezberdinetan sartzeko eta garatzeko.

Maritzuli Konpainia Biarritzen (2018) © Olivier Houeix
Maritzuli Konpainia Biarritzen (2018) © Olivier Houeix
Euskal kulturaren integrazioa sustatzea kultura politika publikoetan

Euskal kultura eta bere berezitasunak kultura politika publiko ezberdinetan ahal bezain eraginkorki integratuak eta kontutan hartuak izanen direla segurtatzeko, besteak beste EKE Pirinio-Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoarekin lanean ari da.

  • Urte anitzeko partaidetza hitzarmen baten karietara, Departamenduaren kondu, EKE-k obragintza publikorako laguntza misio berezi bat eramaten du euskara eta euskal kultura departamenduaren ikus-entzunezkoaren eta zinemaren aldeko politikan, heziketa artistiko eta kulturalaren aldekoan edo irakurketa publikoaren sarean errezago sarrarazteko asmoz.
  • Euskal Hirigune Elkargo berriari dagokionez, EKE-k laguntzen du euskal kulturaren aldeko politika finka dezan, bere esku diren alor guzietan.

Orokorki, EKEren eta lurraldeko elkargo ezberdinen artean osagarritasunean eraman interes amankomuneko misioen definizioa ezinbestekoa da eta elkarlan handia eskatzen du.

Marga Berra Zubietaren "In Varietate Concordia" erakusketa Biarritzeko mediatekan (2017) © EKE
Marga Berra Zubietaren "In Varietate Concordia" erakusketa Biarritzeko mediatekan (2017) © EKE
Euskal kulturaren inguruko kalitatezko programazio baten osaketa laguntzea

Lurraldeko elkargo ezberdinekin eta labelizatuak diren ikusgarrigintza alorreko egiturekin ehundu partaidetzak diru edota ingeniaritza sostenguak izan daitezke.

Euskarazko sorkuntza edo euskal kultura sustatzeko helburuarekin, bai eta bere sare ezberdinen bidez publiko mota desberdinetara hedatzeko asmoz, EKE egiazko proposamen indar bat da. Horrela, hainbat urtetan Euskal Hirigune Elkargoko lurralde polo ezberdinekin, Herriko Etxeekin edota lurraldeko egitura labelizatuekin ehundu partaidetzak diru edota ingeniaritza sostenguak izan daitezke, eta euskal kulturari toki garrantzitsua egiten dioen kultura egitarau bat osatzeko aukera ematen dute. Adibide bezala:

  • Urtero, EKE-k sostengatzen du eta inplikatzen da euskarazko ikusgarrien programazioan, Akitania Hegoaldeko Eszena nazionalarekin ikusgarri ezberdinak ko-ekoiztuz.
  • Bestalde, izan Malandain Ballet Biarritz koreografia zentroarekin edo Atabal-ekin, Baionako ala Hendaiako Herriko Etxeekin, Biarritzeko ala Hazparneko mediatekekin, urtean zehar, EKE-k mintzaldiak, kontzertuak edo erakusketak ko-antolatzen ditu, euskal kulturari erakunde horien programazioan sartzeko aukera eskainiz.

Kultura eskubideen aplikazioan parte hartzea

Kultura aniztasunari buruzko Unesco-ren 5. artikuluaren (2001) edo Fribourg-eko adierazpenen arabera (2007) kultura eskubideak "osoki Giza eskubideen parte dira, hauek unibertsalak, ezin bereizizkoak eta elkarren menpekoak direlarik". Berriki, NOTRe (2015) eta LCAP (Sorkuntza, Arkitektura eta Ondarearen Askatasuna – 2016) legeetan sartuak izanik, kultura eskubideek behar, sarbide edo kontsumo logika arruntetatik ateratzera behartzen gaituzte, eskubideen, askatasunen eta erantzunkizunen ulermenaren mesedetan, pertsona bakoitzari kultura baliabideen ezagutzan, praktikan, hedapenean eta garapenean parte hartzeko gaitasuna eskainiz, arruntenak izan daitezen ala ezohikoak.

Ipar Euskal Herrian, azken urteotako aldaketa administratibo eta ekonomikoek publiko ezberdinekilako harremanak berriz plantatzera bultzatzen gaituzte, hiriz eta baserriz, arkitekturaz eta paisaia ezberdinez, kultura anitzez osatu lurralde bateko euskal kultura pentsatzera. Hori dela eta, EKE-k kultura eskubideen hurbilketa sakondu nahi du, horien osoki sarrarazteko bere barneko lan desmartxan, baina ere kultura politikoetan errazago sar daitezen, lurraldeko eragileak diren elkartekideen partaidetzari esker. Gai hori heldu den urteetako EKE-ren lan ardatz nagusietarik bat izanen da.

 

Gehiago jakin