Zer da euskaraz bizitzea

2012/05/08
Zer da euskaraz bizitzea
Normala eta naturala. Kodean espresatzea. Kasualitatez -eta eskerrak!- nire inguruan dagoen jende askok ulertzen duen kodea erabiltzea, norbaitek noizbait asmatuko zuena eta niri, eta nire inguruko askori, gizaldi mordoaren ondoren, iritsi zaiguna. Tartean hobekuntza asko egin dizkiotena, gako zifratu berriak erantsi zaizkiona, errealitatearen eta ideien hedadurara moldatzeko. Izaki inteligente baten jokabide normala, nirea. Naturan sortua eta naturan naturak -gizakiak- natural darabilena nik ere natural-natural erabiltzea. Ohikoa eta naturan dagoena. Nire burura datozkidan eta buruan ditudan ideiak garatu nahiz formulatzeko badakidan tresna eraginkor batez baliatzea. Ahoz azaltzean besteek ere uler diezadaketen logika semantiko batean espresatzea. Nire burua azaltzeko era bat, artea den bezala, keinuak, sexualitatea, opariak, begirada, irribarrea, sentimenduak, zeinuak..., baina besteek ez bezala, hitza duena oinarri, esandako hitza, entzundakoa, idatzitakoa, irakurritakoa eta zeinuz egindakoa. Eta ohituraz nire burua azaltzeko grina eta seta, eta bereziki sena, izaten dudanez... ohikoa niretzat, komunikatu nahi duen gizaki arrunt gisa. Gertuko naturan dagoenez, urrutira joan behar gabe, naturatik hartua. Guztiz ekologikoa, arduratsua, erantzulea eta nik jasotzeko metro gutxi batzuk egin eta oinatz-marka baxuko, eskura erreza den produktua aprobetxatzea. Ezer berezia ez eta artifiziala ere ez dena. Nik egiten baitut erreal euskaraz bizitzea eta hark nire espresiobidea. Ni ez bainaiz artifizio bat eta nire aukerak estralurtarrak, ludi honetakoak baizik, bizi-biziak, akatsez josiak, mingarriak, pozgarriak... eta gizatiarrak. Eklipseak, meteoritoak, izar iheskorrak... dira bereziak, baina ni besteekin nagoenean hizkuntza bat erabili nahia, arrunta. Muga ez da nirea... Esamesak esames, gutxiespenak gutxiespen, ezinikusiak ezinikusi... Hau guztia idazteko gaude gu... Normala eta naturala. MariJoxe Azurtza Sorrondegi

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)