Patxa Plaza

2012/04/11
Patxa Plaza
Baionako karriken arrabotsa ez da Patxa plazara heltzen. Bigarren soilairutik uholdeka jausten den metal musikak estaltzen du dena. Piloten talkek orroitarazten dute San Andres trinketea gibelean dela. Metala pilotari nahasita, plazaren kantua. Plazak ez dio kantu horri kasu egiten, lo da. Nehor ez da hortik pasatzen. Pausa egiten duten autoak dira bakarrik hemen. Gaua heldu arte ez dituzte haien jabeak ikusiko. Ez da luxuzko aparkaleku bat. Espaloia zikina da, aireari kiratsa dario, iduzkiak ez du sekula argitzen. Hotz egiten du. Afitxa urratuek dituzte murruak apaintzen. Eraikuntza hits baten berina hautsiak burdinezko sare erdoildu batek babesten ditu. Paretak zikinak dira, ateen berniza aspalditik ezabatu da. Lehioek kirrixk egiten dute. Gizon bat sartzen da plazan, andala mandalan, akitua. Duen zikin zakua ez du zikin ontzia harte altxatzen ahal, zikinak lurrean uzten ditu. Eskuinean usoek kasu egiten diote teilatuetatik. Zerua baino tristeagoak dira teilak. Urteak badira plaza hori ez dela gehiago artatua. Fitxik ez da eder plaza huntan, baina Patxak ez du hil nahi. Pandero bat nahasten da metal musikari. Bestetan ala gaualdietan, soinu horiek ez dira lehio batetik heldu. Musika talde batek jotzen du metala, bi gazte ari dira trikia eta panderoa jotzen. Panderoa Patxaren bihotza. Plaza gau batentzat jatzartzen da.Patxi Berhouet

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)