Muxiko dantzariaren itzala

2012/05/15
Muxiko dantzariaren itzala

 

Dobla!, pika!, ebats eta hiru!, erdizka lauetan! Aurrera egiten duzu, beti aurrera, gogotsu batzuetan, gogo gutxirekin bestetan, zirkuluaren ertzean barruko indarrak erakartzen zaitu erdialdera. Horri esker, ez zara amiltzen ezerezean, ez baitago deus ertzetik hara, hutsa besterik. Kronos duzu etsai, bai baitakizu jan egingo zaituela, halabeharrez itzali egingo zara kandela bezala, zuri ere argizaria bukatuko zaizu. Horrexegatik, orratzen norabidearen kontra aritzen zara, matxinatu egiten zara denboraren tiraniaren aurrean, eta hura izango ez balitz bezala jokatzen duzu. Besteak behar dituzu. Haiek ematen diote zentzua zure jardunari, zure pausuei, zure jauziei. Haiei esker, ez zara zure baitan hondoratzen, zure barneko putzu sakonean gatibu geratzen. Haiengandik indarra hartzen duzu, arnasa, hartu eta eman, eta etengabeko dantzan harmonia bilatzen duzu. Pilota plazan zu zara haiekin ari dena, baina zu zure itzala ere bazara, zure hondoa, zure putzua, zure kartzela, zure barrena. Badakizu, askotan, itzalak ez dituela zure pausuak segitzen, eta halakoetan, nahiago izaten duzu inor ez konturatzea, itxura egiten duzu. Orduan, besteei begiratzen diezu, bakoitzaren itzalari ere bai: denak horren polita ematen du, horren perfektu! Zure baitatik kanpora begira ari zarela, doinua, pausuak eta itzalak bat datoz, elkarri egokitzen zaizkio, intxaurraren azalaren bi aldeak elkarri bezala. Gaur, harrespiletik bereizi, eta maldan behera erori den harria zara. Zabaldiaren bidegurutzean zure baitara itzuli zara, azalaren aldeak bi intxaur desberdinenak direla konturatu baitzara. Oraingoan, nekez eusten diozu orekari. Eta horri buruz idatzi behar duzu, interneteko lehiaketa horretan zure argazkia ikusita. Baina ez da posible, ez zaizu deus ere ateratzen. Ezin duzu zure biografia ezkutuari buruz, ezta lerro bakar bat ere idatzi. Barnera begira geratu baino ez. Hortxe daude, elkarrekin nahas-mahasean, ezagututako urruneko lurraldeen oroitzapena eta sekula bisitatuko ez dituzun hiri ederren nostalgia, enbatak naufrago utzi zintuen itsasoaren ur zakarraren gazia eta portuetako aterpearen beroa, basamortua zeharkatu izanak utzi dizun zapore mingotsa eta ur gardena edanaren freskotasuna, bakardadearen espantua, udako ilunabarreko argia, erbestearen estura eta lur bustiaren usaina, saltsa bat eginda dena, pure bat. Pure goxoa, batzuetan, epela; eta mindua, beste batzuetan, mindua eta hotza, gaurkoan bezala. Pure hori duzu mahaian, jan beharra, aurrera segitzea besterik ez baituzu, beti aurrera: dobla!, pika!, ebats eta hiru!, erdizka lauetan!

Josu Delgado Rozas

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)