"Begira, lehen errenkan gaude aitona eta biok Anoetako ekitaldi honetan. Ezagutzen gaituzu?
Ez? Bai, bai, ondo begiratu. Hementxe bertan, Mattin bertsolariaren bizkar atzean. Zein gazte ginen biak. Zein galant eta lirain. Zer besterik esango dut orain , ezta? Bai, arrazoi duzu Joseba. Zatoz, jarri nire magalean.
Bertso saio ederra izan zen hura eta oharkabean luzaroan entzungo genuen azkena.
Biharamunean egin genuen ihes. Egin behar izan genuen ihes, ezustean. Zer oroitzapenak dakarzkidan argazki honek. Biak hain gazte, biak horren itxaropentsu...
Nork esango zigukeen une horretantxe ez ginela hamar urtez itzuliko Donostiara. Ez geniokeen txintik sinistuko! Ezer ere ez gainera! Eta hala izan zen. Hala jaio zen zure ama Karakasen, eta osaba-izebak.
Etorkizuna goitik behera aldatuko zitzaigun ordu gutxiren buruan, baina guk jakin ez! Ene!
Beti mugaz bestalde ikusi behar izan genuen hurrengo hamar urtetan gure Txubilo maitearen labarren soslaia, Kantauri itsasoko olatuen aparra eta Larrun mendia. Beti urrutian, atzerrian, menturak eta euskaldun izateak eraman gintuen tropikoan... gure haurren lehen irribarrea ikusi genuen parajean ginen gu, baina gure bihotzak argazki honetan utzi genuen herrian genituen..."
Malko lodia dario masailean behera amonari dagoeneko albotik joana zaion senarra gogoratuz eta bilobari musu eztia eman dio, hunkituta. "Dena galduta genuela ere pentsatu genuen tarteka... herria, hizkuntza... baina hara zu, Joseba..."
"Zu bezala donostiarra, ezta, amona?"- moztu dio irribarrez amonari negarra bilobak - "Konta iezadazu gehiago amona, entzun nahi dut eta".
Eta amonak Mattinen argazki zure-beltzari begira berrekin dio mintzatzeari, iragana egungoa bilakatuz, bizitakoa eraberrituz...MariJoxe Azurtza Sorrondegi
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)
Gisa bereko berriak
Ikus ere bai...
Gurekin harremanetan jartzeko
Euskal kultur erakundeko egoitzara etor daiteke publikoa - hitzordua hartuz gero haatik - astelehenetik ostiralera. Harrera telefonikoa segurtatua da 9:00etatik 12:30ra eta 13:30tik 18:00etara (17:00ak arte ostiraletan). Helbidea: Lota Jauregia - 64480 Uztaritze (ikus kokapen-planoa) Telefonoa: 0 (033) 5 59 93 25 25 - ✉ Harremanerako inprimakia