Harrizkoa (?)

2012/05/16
Harrizkoa (?)


Atzo aratsean, 10:00 ak inguru ziren, uste dut. Etxerat sartu berria nintzen, bilkura luze baten ondotik, leher eta zapart eginik. Holakoetan oheratu aitzin bainu bat hartzeko usaia nuen. Ura ixurtzera utzi eta sukaldera joan nintzen puxka zerbaiten jatera. Ikuzgelara itzultzean bainua bi herenetara betea zen. Zango puntta sartu, eta « Atx! Izigarri beroa duk mutikoa ». Xurruta hetsi eta hortzak tinkatuz sartu nintzen infernuko ur hartan Gorputza jartzen da beroari. Bainu ttipia nuen... ttipiegia bederen. Sorbaldak sartzean, belaunak ateratzen. Belaunak sartu eta,aldiz, papotik hozten. Nahigabetarik bi posizioen artean aldizkatzeko plegua hartua nuen. Ganbaran pizturik utziriko irratitik soinua heltzen zitzautan: « Siriako gatazka, auto bonba batek zortzi zibil hil ditu... Manifestazio jendetsua harrobi egitasmoaren aurka... Euskara munduko laugarren hizkuntza pollitena da ingles aldizkari baten arabera... ».

Bimba!! Bimba! Bimba!! Gizon bat da. Nire osaba da. Bimba!! Bimba! Bimba!! Harri horren gainean xutik. Palanga ukaldika. Zilo bat egiten du harrian. Merexi zukeen. Besoak indarka ari zaizkiolarik, zango punttetan goratzen da. Baduzu grazia otto. Maite nuen zure ikustea haurra nintzelarik. Bimbi!! Bamba!! Ni naiz orain harriaren gainean. Errexki zilatzen da. Laket dut azantz hori, eta usaina. Harri errauts usaina, gustu ona du ke horrek. Indarra. Bimbi! Bamba!! Bat azkar, bestea arin. Aise sartzen da ziri hau, harria guria da. Kolore gorria maite dut hola ixurtzen delarik. Beti azkarrago jo, gaina hartuko diot haragi puska horri. Odolaren usaina! Biziaren usaina. gustu ona duke horrek. Ez nazazula hola begira maitia, merexi dukezu. Dimbi! Damba!! Zuk ere egiten dakizu. Ez zaitela izi. Askatu zure besoa, xintxikatu gorputz hau. Nire gorputza. Dimbi! Damba!! Ez dut minik lurrean etzanik. Nire bihotza zilatua da jadanik. Merexi nukeen. Segi ezazu jotzen. Odola hoztua dautazu engoitik. « Gauerdi bi minutaz gainditurik, programen bukaera egungo, XXI.mendeko euskal kantu hautaketa batekin uzten zaituztegu. Bihar arte! ».

Ura hotza da, papoa eta belaunak barnean nauzkan, bainu untzia handitu balitz bezala. Uraren azalean errauts geruza bat agertua zen. Atzo aratsean hilen zaitut.

Battitt Crouspeyre

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)