Goizeko 7ak dira, astelehena da. Lozorrotik atera eta leihotik begiratzean 20 urte zahartu naiz kolpean, bizitzeko gelditzen zitzaidan ilusio apurra galdu dut: euria ari du, gaur ere. Eta ez nolanahiko indarrez. Baina norbaitek joan beharko du ba lanera, eta ez naiz noski Espainiako erregeaz ari. Ohetik jaiki naiz, egunak gauza handirik emango ez duenaren segurantziaz. Irratiko esatariek, trufaz edo, Goizeko euri artean abestia jarri digute. Laster euripean egongo gara, bai, mila esker; hori baieztatzeko ez nuen Txomin Artolaren beharrik.
Normalean baino polikiago gosaldu eta gogogabeturik jantzi naiz. Modari baino praktikotasunari kasu egin behar zaio halakoetan: galtza estuak, katiuskak, eta xira hits hori. "Pure CHANEL".
Kalera atera aurretik euritako bila hasi naiz. Bankuetako propaganda dutenak ditut, Santanderrekoa, Banco Gipuzcoanokoa... Baina bankuekin haserre nago aspaldion, bankariren baten balizko bahiketa justifikatzeraino. Hortaz ez diet doako publizitaterik egingo. Bereizgarririk gabeko euritakorik ere izango dut, ez? Hara non dagoen bat, eta indarrez eutsi diot, adinekoek euren aurrezkiei bezala. Ireki eta behintzat makila guztiak bere lekuan dituela dirudi. Ez ahal nau izorratuko, bankuek herritarrak bezala.
Ataria utzi eta artaldera sartu naiz. Depresioaren zantzuak nabari zaizkie inguruko guztiei. Bankuen aterkiak daramatzaten pare bat ikusi ditut; kolaborazionistak. Euritakoak goitik datorren uretik babesten gaitu, baina zer egin ozeanoak diruditen putzu horien kontra? Zebrabide bakoitzean ekidin ezinezko bi daude. Katiuska eta guzti zeharkatu ditut, Jesukristoren dohainik ez dudan honek. Gaur ez dut salto egiteko indarrik.
Euritakoak ez ziren Euskal Herrian asmatuko, baina zein maiz erabiltzen ditugun ikusita, asmakuntzaren meritua ere merezi dugula esatera ausartuko nintzateke. Berlinen bizitzen egon nintzen bolada batean, egun euritsuetan euritako masa ikusten banuen metro zulora sartzen, Etxean bezala esaten nuen nire baitan, hasperen nostalgiko batez. Jakina denez, euritakoak ez dira Euskal Herrian bakarrik erabiltzen, baina hemen bizitzeak zer suposatzen duen galdetzen badizute, ez al genuke denok irriz euritakoa aipatuko?
Hitz lauz, euritakoak euskaldun egiten gaitu baina baita ere munduko hiritar; aterkia ikur bezala, bertakoa eta unibertsala da. Argazki bezala, balore estetiko eta sinboliko izugarria dute Arzallusen aterkiari ateratakoak, Bilboko milaka aterkiz jositako manifestazioek...
Euskaraz euritakoak izen asko ditu. Aterkia, guardasola... Eta lehen eguzkitan aterkia irekitzearen kontua belle-epoquearekin lotzen banuen ere, Larraineko pastoralean ikusi nituen duela gutxi atso ugari aterkiak eskutan. Barre egin genuen, baina lagunak eta biok aurpegia erre genuen azkenerako. Uste dut Sherlock Holmesen etsai zen Moriarty doktoreak ere arma bezala zerabilela euritakoa...
Eguna oharkabean pasa dut bulegoan, hauekin eta beste burutazio batzuekin bakarrizketa ezin interesgarriago batean. Etxera bidean, Santanderren egoitzara sartu naiz, Patxi laguna agurtzera. Ateratzerakoan, sarrerako ontzitik 4 euritako hartu ditut eta korrika alde egin dut. Bezeroen eskuragarri. Lapur zikinak! Zuei esker kaka ari du goitik behera, baina ez gaur, egunero baizik...Itziar Navarro
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)
Gisa bereko berriak
Ikus ere bai...
Gurekin harremanetan jartzeko
Euskal kultur erakundeko egoitzara etor daiteke publikoa - hitzordua hartuz gero haatik - astelehenetik ostiralera. Harrera telefonikoa segurtatua da 9:00etatik 12:30ra eta 13:30tik 18:00etara (17:00ak arte ostiraletan). Helbidea: Lota Jauregia - 64480 Uztaritze (ikus kokapen-planoa) Telefonoa: 0 (033) 5 59 93 25 25 - ✉ Harremanerako inprimakia