Dasta, bizi... idatzi

2012/05/05
Dasta, bizi... idatzi


Haurrak ginen elkarrekin jolasten hasi ginenean: hara eta hona, eskutik helduta edo korrika. Hondartzan gazteluak eraiki edo kaniketan, beti hiztun. Tarteka medikutara jolastu genuen, elkarren gorputzak ezagutu eta ukitu nahian eta horrela jolasteak elkarri sortzen zion zirrararen jabe ginen, haurrak izan arren. Elkarren nobioak ginela esan gabe, argi geneukan, lagunik onenak ginen. Gero, nahiko berehala, biak hasi ginen hazten, pixkanaka gure sexualitatean barneratzen eta lotsatzen, gure sexu grinak izendatzen. Lotsa genuen dagoeneko elkarren aurrean biluztu eta bainujantzi bustia aldatzeko. Ez zen berdina, ez zen lehengoa. Lehengo zirrara eta abentura sentsazioa, orain beldur iturri zen, ezagutzen ez genituen sentimenduak pizten baitzituen. Ez zen nahikoa elkarren aurrean biluztu eta algara batzuk botatzea. Orain arnasa galdu genuen saiatu ginen lehen, eta azkena izango zen, aldian. Aro berriak gu konturatu baino lehenago eta baimenik eskatu gabe bereganatu gintuen eta gu ziurtasun ezan barneratu. Distantzia izan zen gure harremanerako era berria. Elkarri hitz egiten genion eta laguntza eskatzen genion ere tarteka etxeko lanetan, baina elkarren konpainiak gure gorputzetan erreakzioak sortzen zituen. Nahiko lan geneukan bakoitzak berea ulertu nahian, eta nolabait bideratu nahian, beste batekin nahasteko. Berriz ere konturatzerako ordea, aire berriak hartu gintuen. Bata bestearen hitzak baino bata bestearen ezpainek, izaerak, bularrek, ahotsak... despistatzen gintuela ohartu ginen. Pixkanaka, gorputzak horri erantzuten ziola jakin bagenekien, eta gure gogoa ere horretara makurtzen hasia zela. Nik zurekin nahi nuen eta zuk nirekin, berriro, estu-estu... oso poliki joan ginen. Elkarrekiko molde berriak erakutsi zigun bizi berri baten hasieran geundela: elkarrekin genbiltzala, maiteminduta eta esperientzia gose. Eskutik helduta, ikarati, laztan bihurrekin, apurrekin... aro berri honen tresnak eta sentimenduak elkarrekin ikasiz eta landuz, herabe. Poliki joan ginen, elkarrekin baikindoazen eta hala nahi genuelako... batak bestearekin bizitza politagoa zuela ikusi genuen, argi. Elkarrenganako apustu egin nahi genuela ikasi genuen, betiko eta beti. Zalantzak zalantza, elkarrekin egoteko era berri bat jorratzeari ekin genion hitzemanda. Hitzemate honek eman zigun ere gure irrika, amets eta gorputzen elkarbanatzea, estrenekoz, elkarrekin harremana luzatzeko bide berri eta bizia, aspalditik nahi genuena... gaur idazteak hitza adina.

MariJoxe Azurtza Sorrondegi

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)