Buhamea

2012/04/27
Buhamea
Kalearen ixkinean eserita dago buhamea. Arropa koloretsua badu soinean, espaloian ibiltzen ari direneri margo hainitz dakarren alaitasuna igorri nahi bailien. Bere aurpegia nozi arazten dituzten zimurketen bidez mimika ederraz ipuin bat kontatu nahi digu. Haren herriaren kondaira luze eta ez ezaguna othe ? Herritar batzuk gelditzen dira haren aurrean ; batzuk kuriositatez, besteak isekaz. Kasu gutxiago egiten diotenetarik urratsa mantso dutenik eta azkarrago doazenik badaude ; pertsona bi mota horiek ihes egiten diote, buhumearen griñak, adierazpenak, izaera, esistentzia bera berrezagutu nahi ez bailuten, zeren elerik egiten ez duen arren, haren keinuez benetako sufrimenduak adiarazi nahi dizkiguela baitakite. « Mintzairik gabekoak garraxirik latzena egiten du »-elako esaera jakintsu eta ospetsua barne barnera sartu zaio jende mota horri. Buhamearen baitako kezkak eta kexak ez dituzte orduan, mimikaz izan arren, jazo nahi. Haatik, haren aurrean gelditu denetako bat natzaizue, hala egin dezaten besteen zioetaz axolatzen ez naizela. Begira nagokio beraz, espaloiko gizon horri, mundu guztian hizkuntza askotan izen berezi bat duenaren aurrean: « buhamea » edo « ijitoa » gureaz; « ?igan » errumanieraz; « gypsie » ingeleseraz; « gitano » gazteleraz; « gitos » okzitanoeraz; « gitan,  romanichel, manouch », frantsesez – (Azken hau iraingarria dela) - ; bainan « gizaki » esan omen nahi duen « rom » haren jatorrizko hizkuntzan, azkenik besteak legez, bainan orok bezala bere berezitasunak dituen gizaki bat baita, zoritxarrez edozein herritan ospe txarra duena: lapurra; zikina; bazterrekoa; gizartearen aurkakoa; aberririk gabekoa; askotan “pentsamendu oneko“ presunen axuri beltza bihurtzen dena, bereziki herriko ekonomia kinka larrian dagoelarik. Haur ginelarik baserriko ikulluan izkutatzen ginen buhame talde bat herriratzen zelarik, egazti eta kabala guztiak leku segur batean sartzen zituzten helduek, etxeko zakurrak askaturik. Beldur ginen, haurrak zirkoetan bortxaz lan egin zezaten lapurtzen omen zituztelako. Gertatu omen zen, non, nori eta noiz izan zen ez jakin arren, bainan jende talde horien beldurra sartu ziguten belaundiz belaundi. Buhame horren ikusirik, pestetan erdi biarneraz erdi euskaraz abesten genuen kantua, bururatzen zait orduan :  « Buhameak erosi du lau sosetan ogia, Lagunari saldu dio bost sosetan erdia Lo Peyroton, lo paure Peyroton. » Buhameak badakite trikun trakun egiten Ahatea ebatsi eta galtzarpean gordetzen Lo Peyroton, lo paure Peyroton. Geure haur gogoetan lapur hutsak ziren buhameak, eta Baretozeko baserritar txiroa zitekeen Peyroton delakoa engainatu omen zuen. Bainan handitu ginelarik buhameak ez diren lapur gehiago egon badaudela ohartu gara zentzudunok : lan asko eskatu arren, langileari gutxi ordaintzen dion nagusiak ; enpresak mozkin gehiago egin dezan lan gutxiago pagatzen duen eta haurrak lanean esplotatzen dituzten herrietara haren lekutzea, eta bertako beharginak langabezian eta mixerian utziz ; zorretan ibiltzen direneri kreditoz erositako etxeak hartu eta ezer gabe kaleratzen dituzten bankuetako buruzagiek, hartutako ondasunez gaurko Peyrotonen bizkarrean mozkin berriak egiten dituztelarik. « Beharbada Peyroton horri ogia garestiago salduz gainera, ahate bat lapurtuko hion ; bainan barkatzen diat ; aldiz gaurko baserritarra edo behargina zorretan ibil arazten duen teknokratari edo promotoreari ez zioat barkatzen. Lehenago agota bezala baztertua egona hintzen geure herrietan. Nondik zetozten ez dakigun kasta madarikatu hontakoak desagertu dituk, herrian nahastu zeizkiguk; hire herriak aldiz hor zirauk, bizirik mende berriaren lehen hatsetan, bainan injustiziak eta zapalkuntzak jasaten ari duk. Hamabostgarren mendean Kashemiratik heldu omen zituan hire arbasoak musikalari kasta txiro batekoak omen; handik haizaturik, beste herrietara sakabanatu dituk, bertako ohiturak eta arteak berearekiko egokituz; horrela herritarren gozatu eta alaitzeko arte berri eta bereziak eratu dituzue. Geure herriko pestetan hain herrikoia den fandangoa ez ote diate Aragoitik Nafarroratu buhameak sartu? Zer litzatekek aro modernoan fandagorik gabeko euskal jai bat? Hor hago beraz, kale txokoan, geure munduak eragindako kinkak jende griñatuen erdian hire mimikaz alaitasun edo humore ditzaten. Gaurko kinkaren hobendunak egiten ez hauten arren, defentsarik gabeko haizenez gero, ondorioak hik paga diezazkiean saiatzen dituk. Ekonomikoki bazterturik dauden asko bezala sistema neokapitalistaren berriz, Dacia ohira itzul arazi ditiate, berehun euro sakelan… Eta gizakiak libroki ibil daitezkeen Europa berri horrek hain ongi hartzen ez hauela ohartzen haiz… eta arrazoia duk. Beste herri zapalduek eta gaitzetsiek egin duten bezala kopeta altxatzeko eskubidea duk.” Jakes Lafitte

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)