Itsas balentriak... boga!
Musika: Bizkaiko aberatsak
-1-
Esadazu, kortsario,
euskal arrantzale
marinel, arraunlari
bai menturazale:
zerk egin zintuen
honen itsas-zale,
zer zen zure barruan
egin gabe kale,
“boga!” garrasian,
pizten, barru-jale
-2-
Zerk arraio zintuen
guztiz erakarri,
aurretik al zenuen
zertxobait igarri:
ospea, entzutea,
grinaren pizgarri
abentura, bidaia,
diru gose-egarri...
zergatik egin zenu(e)n
alde horren sarri?
- 3
Arraunean orduan,
gaur gure ondare,
zenbat oinaze, beldur
eta goragale.
Makailua saleros
eta hainbat bale,
zenituen han-hemen,
txanpon truke-ale.
Europan aberastuz,
makailu saltzaile.
-4-
Getarian Elkanok
ortzia begira,
ideia bat zirika:
“Munduari bira!”.
Hori gertatuko zen
menturan harira,
Magallanes hil eta,
hark lortu distira.
Ludia berak zuen
le(he)nbizikoz jira
- 5-
Filipinetan zuen
Legazpik hartu lur,
konkistatzaile prestu,
izena garaikur.
“Urdaneta izan dut
nire esku ahur,
haren jakintza pean
iritsi naiz samur”.
Biek agertu zuten
ez zirela uzkur.
-6-
Itsasbide berria
Urdanetak gailur:
“Erret-eskaera men,
Gaztelako ikur,
Ameriketarako
behar izan labur”.
Filipinetan hala,
hartu zenuen ur,
Mexikorako lera
asebetez zuhur.
-7-
“Felipe IIa, irakur,
diot lotsagabe:
Ez naiz zure menpeko, ni naiz burujabe”.
Lope de Agirre jaunak,
El Dorado gabe,
odol, aginte zale,
izena zutabe.
Venezuelan hil zuten,
gertukoek trebe.
-8-
“Bizi molde hartatik
nahi nuen ihesi,
bihotzaren ametsak
komentuan hesi.
Nire begi ninian,
ortzia zen gezi.
Hezur-haragi gizon
behar nuen hezi,
marinel nahi bainuen
itsasoan hasi”.
-9-
Katalina Erauso,
ez zenuen etsi,
gizaseme artean
ospea erdietsi.
Abentura nahi eta
arriskua eutsi.
Bukaeran zituzten
lorpenok gaitzetsi,
andrea zinelako,
denek gutxietsi.
-10-
“Itsasora!” deiadar:
botere, ahalmen.
“Almirantea nintzen,
borrokan han-hemen.
Batailak irabazi,
etsaiak nire men.
Denontzat ohorea,
niretzat bereizmen”.
Hauengatik Okendo,
guk zure oroimen.
-11-
Itsasoko gerlari,
Italian, entzun
Urbieta hernaniarrak
lurrean oihartzun.
Karlos V.ak zu(e)n
egin onuradun,
Santiago ordenako
dominadun, zaldun.
Bizitza barkatu eta
hark ongi erantzun.
-12-
Esazu, euskal pirata,
sakela beteta,
“itsasora!” oihuan,
zer zen zure apeta.
“Donostia aurrean,
genuen arreta,
bost ontza urre buru,
nahi genuen meta.
Oihu hori hasieran,
ondoren zen festa”.
-13-
Euskal konkistatzaile,
kapitain, zamari,
zergatik handik hona
itsasoan ari?
herrian ez ote zen:
nahikoa janari?
Bihotzean baten bat
xuxurla esatari,
betiko gelditzeko
harekin dantzari?