Goseaz

Goseaz

Aho-sabaitik hortzetarainoko gosea akuilu dutela,
atera dira zakur amorratuak.
Besoetako giharrak uzkurturik,
hezurretaraino blai.
Kresal usain sarkorraren zorabioa,
zabal-zabal egindako sudur-mintzetan barna.

Barra harritzar bat baino ez da,
portuko etxeak ezerezeko lore zimeldu.

Hauspoa lehertzear, arnasestuka, intzirika.
Aitzina, gibelera, aitzina, gibelera etengabeko mugimenduan.
Patroia ahotsa galtzeraino ari da orroka
bihotz eta urdail-erdiragarriki.
Tripulazio entzungor du,
minari entzungor.

Gainerako ontziak begiztatu dituzte.
Irudimenak janda eta bizi-grinak
mozkortuta dagoenak,
milia erdira dagoen ontziko
gizonkoteen begiak ikus ditzake.
Eta bi begi bereiz baditzake,
isatsaren mugimendua are argiago
marrazten zaio ninian.

Nor baino nor, azken txanpa... 1 ! 2 ! 3 ! 4 !

Zintzurrak basamortu, masailak aintzira gazi,
eskuak kailu-mendi, beso-bizkarrak ezintasun-ordoki,
gorputza sorgorturik datoz.
Erritmo ezin bareagoan, uhainen
kulunka apalari oihartzun eginez.
Enbata joka daukate buruan.
Astunaren astunaz, hondoratuko diren izuz,
ahoak ez die hitz mikorik onartzen.

Izkilu zorrotzak, soka tenkatuak.

Aspaldi ez dute arpoia odolez zipriztindu...

Kontxako banderako sailkapen estropada hasi aitzin, Kantaurin ez baina Nerbioiean ohitutako arraunlariei olerki honen gaztelerazko itzulpena irakurri zien Deustu arraun-taldeko lehendakariak. Ahalegin ttikiagoa eta bukaera zorionekoagoa espero arren, sabeleko tximeletek eta goserik ezak, branka haize kontran ezarri zien.