Faxista baten haizatzea

Faxista baten haizatzea

1936 garren urtean Bokaleko hirian. Gerla handia atzoko gauza da, eta garaile atera da Frantzia. Alzasia eta Lorrena « berreskuratu » ondoren, azkarrago sentitzen dira Frantziako herritarrak, famili etxe eta herri guztietan gerla horrek zauriak eta malkoak utzi dituen arren. Berriz gertatuko ez ote den gerla izugarri hau ahantzi ez, bainan buruaren zoko batean kokatu behar dela pentsatzen du herri xeheak. Aspaldiko etsaiak, joan den mendean herriaren zati bat indarrez okupatu zuena, orain okupaturik izan da eta ahulago bihurtu beste eraso baten egin ahal izateko. Etorkizuna begiratu behar da. Askok bezala horrela pentsatzen du Xan jostunak bere ola txikian kokatua, josteko makinaren aurrean eserita lan eginez, eta noiztenka kantu herrikoi batzuren xaramelatuz. Gelako horman bere atzean zintzilikatuak, Verdun gatazkaren garaile izan zen Petain Marexalaren marrazkia, azpian borroka gogor honetan bizitza galdu zuten bi anaien argazkiak, haien mobilizazioaren egunean bertan egindakoak. Bainan iragan da hori guztia pentsatzen du, noiztenka ahapaldi edo lantxo bien artean, anaien argazkiak begiratuz, begietatikan malkotxo bat dariola. Gerla Handi honetan zorte hobeago ukan zuen Xanek, Ingelesekin batera Dardaneletara joan baitzen. Gerla izan arren, mementu on batzuk iragan zituen Grezian eta oraingo Albanian eta Mazedonian, hango gatazkak Europaren mendebaldean gertatzen zirenak baino ahulago omen ziren.

Noiz eta bezero berri bat daitekeelako gizon bat sartu da dendara. Gaztea da, kirolari baten trazakoa, dotore jantzita,  traje grisa, korbata fina, oskia ispillu beltz baten antzekoak eta kapelu eder bat buru gainean. Haren dotoretasunaren emendatzeko egur finez egindako eta larruz estaliko makil bat badu eskuineko eskuan. Famili aberats batekoa daitekeela pentsatzen du Xanek, hain itxura dotore bat ikusirik Horrelako bezero baten aintzinean, bere aulkitik jeikitzea baizik ez du deus ez egin behar, politikaz ezkerraldekoa izan arren edozein bezeroren aurrean itxura ona eman behar duela ongi jakin baitzakien.

“Egun on jauna – esan dio Xanek – zer egin dezaket berorrentzat?”

“ Hain fite ez jauna – erantzuten dio  gazteak gaskoinera edo euskeraren azentuari gabe. – Ez zaitez lilurra ; zure dendara ez naiz soineko fin baten erosteko asmoz etorri ; herri xeheak erosketak egiten dituen dendak ez zaizkit batere interesatzen, nire senideek aspalditik leinu famatu ta aberats batekoak baitira. Ez haserra aldiz, nik ez baitut esan nahi zuk egindako lana txarra dela, bainan geure klaseko jendeari ez zaiola komeni kortesiaz adiarazi nahi dizut. Nola abere bakoitzak bere eremua duen, hola gizakiak bere maila.  Politikaz mintzatu nahi dut.

-Politikaz? Ba zera hemen “bigarren mailako jostun” baten olan? – erantzuten dio Xanek barnean haserraturik.- Politika egiteko Pariseko diputatu ganbara baduzuela, hemen zergaitik bada?

-Herri xehearen hurbilago sentitzen baitugu geure burua. Parise urrun dago eta han mintzatu eta deliberatzen denaz hemengo herri xumeak ez daki ezer, kazetariak hain gezurti baitira.

-Eta zer ez digute esaten Pariseko deputatuek, zu «  hain azkar eta jakintsu » balinbazara?

-Ezkertiarrek engainatzen gaituzte. Langileen aldeko politika egiten dute : oporraldi pagatuak, lan egin gabe dirua irabaztea, gaixorik izanez gero dirua kobratzea eta medikuntza dohainik jasotzea. Nazioaren diru guztia xahutzen da horrela alperrik. Bitartean Rhin hibaiaren beste aldean, horrelako jende ezkertiarrak  baztertzen dituzte eta emaitza ugariago egiten dute fabriketan, bereziki armagintzan. Beste gerla baterako prestatu behar dugu eta kitto, ustez langileen onerako ari diren talde horiek, sindikatuak eta beste motatako erakunde guztiak debekatu behar ditugu eta denak lanean jarri.

Orduan hitza hartu du Xanek, eta ahotsa altxatuz eratzun dio gizonari.

« Gerra prestatu ? Alderantziz, gerra ekidin behar da. Jean Jauresek egin nahi zuen bezala, bainan zuek bezalako aktibistak erahil duzue. »

-Gezurra ! erantzuten du sasi bezeroak erdi haserratuta. Hori ez dakigu zehazki nork hil zuen komunista hori!

-Baietz badakigula, zure taldeko hiltzaileak erabili dituzte gobernukoek euren buruak izkutatzeko.

-Ez dakit bainan iragan da Jauresena; orain aldiz gerra berri bat prestatzen ari da eta nazioa gogor defenda dezagun lanean jarri behar dugu eta gerlan parte hartzeko armak eraiki ditzagun.

Orduan hasarre biziagoan sartzen da Xan.

- Bainan hik gerla zer den dakika?Oraindik hire kokotzan bizar bilho bat izan daitekeenik ez diat ikusten; soldautza egin ez duzulako seniale duk naski! Soldautza egin barik, gerlaren itxura zer den ez dakik ere, eta gerlaren gainean askoz gutxiago naski. Duela hilabete batzuk hire jostailuen artean bizi hintzen, famili aberats baten erdian, nik auskalo zenbat haurtzain eta zerbitzarik inguraruta. Ba zera! Gero Aberriaren handitasuna, handi mandien ospea, general eta marexalen balentriak aipatzen duten liburetan denbora iragan duk, historiaz eta gerlaz dena bazenekiela bururatuz. Bainan nik behintzat, lehen mailako eskolan ikasi nian, nire aita hargina zuan, Reischoffenen izan zuan, non gorriak ikusi baitzituan. Zorionez bizirik atera zuan inferno horretarik, bainan lagunetik hoberenak han hil zitzazkioan. Ni behintzat Daradaneletaik bizirik itzuli ninduan, bainan bi anai Iparraldeko ordoki tristeetan galdu ditiat betirako, non ehortzi dituzten jakin gabe. Eta gerla prestatzeko berriz eskatzen didak lotsagabe handi hori! Hoa hemendik eta eskolan sar hadi! Bizitzako eskolan esan nahi diat naski.

-Bainan jauna komunista bat bezala mintzatzen haiz. Alemaniako Rosa Luxemburg andre iraultzailea entzuten dudala iruditzen zait.

-Rosa Luxemburg hori zein den zehazki eztzakiat “ Talleyrand jauna” erantzun zion isekaz. Bainan nik bakea nahi diat nire etxean nire herrian eta aldamenekoekin ez diat makurrik nahi. Orduan hoa hemendik, bestela ostikoka ateratuko haut.

Xanen oihuak aditurik, etorri zen etxeko andrea, bere senharrari lasaiago izan dadin esateko.

- Kasu egik Xan ! zer esanen diagu polizia deitzen badik ?

- Horretaz ez hadi kexa. Polizia etortzen bada, gizon hori probokatzaile hutsa dela esanen dinat.

Alde egin zuen faxistak, ezer esan gabe eta poliziaren aurrean kexarik aurkeztu gabe.