Drist-drast
Zer oroimen pizten du segaren drist-drastak ?
Lehenik eta behin mendiko inguramenekoa
Nola eramaten zuen osabak bere sega bizkarrean
Bere jarrera zangoak zabalik oinak abarka beltzetan loturik
Atorraren mahukak bildurik
Kapelua buruan finkaturik
Lan gogorra eguzkiak hortzak zorrozten zituelarik
Zatoa hartu eta etxeko sagarnoari hurrupa batzuk bota ondotik
Eskuarekin ezpainak lehortu eta … berriz haste
Ni, hiriko haurra begiak zabal zabalik
Zer oroimen zirikatzen du segaren drist-drastak ?
Harriarena sega zorrozten, krix-krax-krix-krax
Harririk gabe segatzerik ez
Eskuetan listua bota, eskuak bata besteari igurtzi eta …berriz haste
Begietan ditut besoen zirkinak
Eskuak bata besteari heldulekuan uztartuak
Bata besteari agindu isila emanez
Segaren itzuli bakoitzarekin osabaren haha… azkar bat
Barneko barnetik askaturik
Ez, ez zen hemen ez kirolik, ez eta ere jokorik,
Baina oinarrizko lan bat beste hainbestekin loturik
Ni, hiriko haurra begiak, belarriak zabal zabalik
Zer oroimen ziztatzen du segaren drist-drastak ?
Burunba batean ortzantzaren arriskua
Sega, argi indar emaile neurtezina bilakatuz
Arriskua, lanjera, fite, fite, kaxu, kontuz !!!
Bati baino gehiagori gertatu baitzaio
Deskarga hartzea eta ezbeharra gertatzea
Zer oroimen goxatzen du segaren drist-drastak ?
Erritmo bat drist-drast drist-drast
Belarra belaunikatzen eta buruz behera erortzen
Drist-drast uhain berde baten gisa belarra aldez alde lerrokatzen
Eta bere azken indarretako lurrina eskaintzen
Flakoietan sar ezina airean askatzen
Eta ni hiriko haurra begiak, belarriak eta sudur bideak zabal zabalik
Orain muinetan beste hainbeste oroimenekin loturik
Osaba joan zait, drist-drast beste segak
Eta ni hiriko haurra izana
Nire haurtzaroko erroetan murgildurik drist-drast !
Eusebia