Gaia(k):

Larrua harriaren aurka

Larrua harriaren aurka

“Ehun-hogei!”aurka. Ez dut egunik onena.

Barruraino nago ikaratua: nire azkena da. Hotzikara! Giharre guztiak tentsioan minbera ditut. Eta zer dio beste horrek? “50-1000”alde? Bum! Atera du!

Nonbait, urruti samar. Oso gogor, zartada batez. Ezin dezaket intziri eta garrasirik entzun orain. Dena isildu da urrutian, ezkutuan da. Ni eta harria, harria eta ni gara…  larrua minbera… nekea “Aupa!” Idoiak oihu. Idoia, kuttuna!

Oinatsak. Arinak, bihurriak, dantzariak, korrikalariak, malguak… oinkari. Hara eta hona. Oinatsak bata bestearengandik bestelakoak.

Olagarro baten besarkada estua-estua jasotzen ari dira nire birikak. Bular aldea ezinean. Izerdi tantak kopetan behera datozkit eta bihotza azkarregi ari zait taupadaka. Lepoan dudan iragarki-zapiarekin airerik gabe gelditzen ari naiz pixkanaka eta petrifikatua nago, ikararen-ikaraz. “Ehun-mila!”. Harropuztu eta bular aldea olagarroa gainetik botatzeko adina puztu zait.
Arnas, behingoz.
Bum! Puntua luze doa.

Zergatik ez ote nien esan?
Hain naiz inozoa. Ez ezer aipatzea ere... beti nire kabuz egin behar gauzak. Damu naiz. Nire berri izan badutela espero dut. Esames edo zurrumurruren bat, ahopez edota hortz artean esandakoren bat... edozer, etxekoek zer datorkidan jakiteko susmoa emango dien edozer.
Behar dut.

“Aupa!” Idoia! Musu bat emango nizuke orain, ezpainetan. Denen aurrean egingo nuke maitasuna zurekin, azken aldia liteke luzaroan.

Errugabea naiz, ez dakit zer egin dudan. Zer egin dut, baina? Etsitua nago... Nire izen-abizenak egunkarietan baina ez pilotari moduan… epaitua izan naiz, harria larruaren aurka zeneko iraganean. Ama, sinets ezazu nigan, nire errugabetasunean, nire integritatean... ez duzu bihozmin hau merezi.

Eta nik, zer?
Ezin dezaket lasai arnas egin. Barruan dardarka naiz. Ezin erakutsi ordea, ezin naiteke ahul agertu. Nire bihotza entzun dezaket; ez nabari bakarrik, entzun ere bai. Zein gaizki nagoen. Izuikara! Panikoak itolarritua nauka... Eutsi! Ezin naiteke lorratz horretan barrena murgildu, ezin orain etsi.

Bum! Txapa bera! Nik puntua.

Txalo, zaparrada. Ez dut nik hori merezi, herri honek baizik. “Ehun-mila” dateke ertzain-jende proportzioa pilotaleku kanpoan. “Ehun-hogei” indar aldea.

Oihu sorta! Ohore zuei! Nigatik pilotalekua inguratzen ari zareten guztioi. Partida hau irabazi dut, ez dakit hurrena sekula gaindituko dudan. Era baketsuan larrua harriaren aurka eserita zaudeten guztioi bihoakizue gaurko nire txapela eta esker ona, espetxeratzekoan.