Gaia(k):

Er(r)omeria

Er(r)omeria

Herriko festak ziren, uda, beroa, musikariak plazako kioskoan kantu ezagunak jotzen ari ziren, kantu alaiak, dantzagarriak. Ez nion baina musikari erreparatzen... plazara ailegatu bezain laster izkina batean ikusi zintudan, txoznako ertzean zure koadrilarekin barre eta algara. Hipnotizaturik banengo lez ezin nuen begirada zure iruditik kendu, ederra zeunden bai, ahoan irri zabala marraztua, adatsa airean, soineko fina haizeak mugitzen zuen eta ni aldiz, geldi, mutu eta zuri so.

Ez dakit zenbat denbora igaro zen, zinez, ez dakit... baina nire zorabioan ez nintzen konturatu jada ez zeundela lehen zeunden tokian; begirada plaza osotik barreiatu nuen, baina zure arrastorik ez. Zer egiten nuen nik hantxe bakarrik? Zer egin nezakeen jada hara eraman ninduen arrazoia desagertua bazen? Agian ez zintudan berriz ikusiko, agian ilusio bat, amets bat baino ez zinen eta errealitate gordinaz nazkatuta etxerako bidea hartzea erabaki nuen. Eskuan nuen tragua lurrera bota (edatea bertan egoteko beste aitzaki bat baino ez zen), eta etxerako bidea hartzera nindoala esku batzuk begiak estali zizkidaten atzetik, esku leunak, usain gozodunak. "Badakizu nor naizen?" galdetu zidan atzean neukan eskuen jabeak ahots epelaz. Nik, urduri, ea dardarez "ez, ez dakit... nor zara ba?" ahoskatu nuen ea ahotsik gabe. Buelta eman eta, hara! Nire ametsak sorgintzen zituen neska ederra zen! Ezin nuen sinetsi...

Egia esan, oraindik ezin dut sinetsi ondoan lo dudan aingeru maitagarria benetakoa denik ere... eta horrela, egun ahaztezin hartatik gauero lokartzen naiz beldurrez, dena amets hutsa izango ote den beldurrez...

Joseba Barrenetxea (Busturian, 2013ko apirileko gau bakarti batean, ameslari)