Zuzenean

2011/04/03
Zuzenean
Eskuak itzerdietan, bihotzak azkar jotzen du, korrika batean banintz bezala. Dudarik gabe, ene tentsio arteriala 17,5ekoa da. Egia erran, matematiketan ez dut sekulan horrelako nota hain onik ukan. Ez naiz maitemindua, eszena gainean naiz. Hortik atera nahi dut, zer egiten dut hor ! Horiek dira dudarik gabe, eszenatokira igotzen diren artisten sentimenduak, sentsazioak. Zuzenean dena gerta daiteke, hori da zuzenaren berezitasuna. Memorio ziloa, problema teknikoa : adibidez bat-batean beharriak erasotzen dituen harrabots zorrotz bat entzuten delarik, horrelako kasutan soinu ingeniaria Barrabas deitzen baldin bada edo nik dakita, asmo bat baizik ez dugu, kurutzefikatzeko. Adierazpen artistiko ezberdinak zuzenean igarotzen dira : antzerkia dantza, zirkoa, baita ere argazki honetan bezala : musika. Orduan, noski oroitzen naiz argazki honetan agertzen den artistaz : Mixu. Tauladan zelarik zinez bere kemen guzia ematen zuen, erakusten duen bezala saltoa argazkian. Baina Euskal Herrian, zuzenean pasatzen den beste adierazpen artistiko mota bat bada : bertsolaritza. Oroitzen naiz 1967an Xalbadorrek bertso txapelketan Uztapideren kontra txapela jokatzeko izendatua izan zelarik, publikoa ez zen kontent eta txistukatu zuen. Iskanbila baretzeko Uztapideri agurra kantarazi zioten. Publikoa baretu zen baina Xalbador mikrofonora hurreratu zelarik txistuak eta oihuak berriz hasi ziren. Zazpi minutuz txistukatua izan zen. Kantatu ahal izan zuelarik publikoari bertso horiek kantatu zizkion. Anai-arrebak, ez otoi pentsa ene gustura nagonik; poz gehiago izango nuke albotik beha egonik. Zuek ez bazerate kontentu, errua ez daukat ez nik? Momentu horretatik goiti publikoaren erreakzioa txistuetatik oihuetatik txalo beroetara pasatu zen. Eta Xalbadorrek bertso horiekin amaitu zuen : ...Zuek ez bazerate kontentu errua ez daukat ez nik: txistuak jo dituzute baina maite zaituztet orainik. Horrelako adibidea emanez, irakurle maiteak, pentsatzen duzue ez dudala zilegitasunik gazte baten lehiaketa parte hartzeko. Baina ez, adibide hau, Euskal kultur erakundeak atera duen Xalbadorri buruzko disko bikain batetik hartu dut. Horrelako erreferentzia eman ondoren, ene uste apalean, zerbait irabaztea merezi dut. Bukatzeko, milesker erran nahi nieke ikusgarriak, kontzertuak ematen, antolatzen dutenei baita ere eszenara igotzen dutenei eta noski itzalean lan egiten dutenei, haien lanari esker kultura biziarazten dute. Eta orain txaloak ala txistuak, erridaua jaisten da, ene testuaren bukaera da.Xavier Elizondo

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)