Zizelkariaren heriotza

2011/03/07
Zizelkariaren heriotza


- Bazeneki zein ederra zaren...
- Ederra? Zure begiek engainatzen dizute. Nire edertasuna arrotza da, basatia, gizakientzat ulertezina.
- Utzidazu, baina, ulergarri bilakatzen. Utzi, ba, nire eskuek zure azala laztan dezaten. Badakizu maite zaitudala.
- Gure maitasuna ezinezkoa da. Zure eskuak nire bihotza izango dira; jasotako kolpeak, basati, niretzat taupadak, zuretzat heriotzarantz daramaten pausuak...
- Horren jabe nahiz. Beldurrak ez du lekurik nire gogoan, ordea. Nire bizitza zurea da, zuri eskaintzen dizut betirako. Ikus nire esku latzak, eta utzi bihotz kolpe bakoitzean harri bihurtzen. Elkartuta egongo gara betirako, ni zugan, zu nigan.
- Hurbil zaitez. Luza besoak eta besarka gogor nire azal basatia, sendi nola zizel laztan bakoitzean, bizitza pizten den. Sendi nola heriotzak zure ondoan arnas egiten duen, trufari.
- Badakit hau mingarria dela biontzat, baina laster izango gara elkar, laster...
- Hitzek ez dute lekurik jada. Zure eskuak harri bilakatzen ari dira, zure bihotza gogortzen, geldotzen... Zure aurpegia nirea da orain, ez mugitu, geldi hor, aireak ez du lekurik zure barrenean... Itxi begiak, nire baitira. Egin lo, ni erne bainago. Ixo. (...)
- Bazeneki zein ederra zaren...

Miren Mindegia Petrirena

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)