Txalaparta

2011/04/03
Txalaparta
- Eta erridukulua egiten badugu, zer? - Urtetan ibili gara honetan eta orain ez gara ba kikilduko... Txalapartaren zurak zuzen jartzen ari zirela Jurden urduritasunak jota zegoen, kinka larrian. Eskua dardarka zuen, eta gorputzean hotzikarek eraginda hotzak zegoen, 38ºC inguruko bero sapan. Ez zuen inoiz horrenbeste jenderen aurrean txalaparta sekula joko zuenik irudikatu eta azken lau hilabeteotan asma ezineko gertakizunek taula gain horretara bideratu zituzten taldekideak Proba gisa hasi zen eta begira! Lau bat hilabete lehenago webgune batean aurkitu zuen musika lehiaketa bat aipatu zion Oskiak Jurdeni: udan Aita Santua Madrila zihoala eta munduko gazteen topaketa egongo zenez, jardunaldi horretan jotzeko lehiaketa bat antolatu zuten. Berezia iruditu zitzaien biei ideia: batari, topaketa hartara joan nahi zuelako txikitatik; besteari, Madrilen egonaldia ordaindu eta ondoren Vatikanora gonbidatuko zituztelako. “Zergatik ez?” galdetu zioten elkarri. Itziar laguna ere, gitarjolea bera, animatu zen eta Jurdenen txalaparta konposizio bat grabatu zuten etxeko bideo kamara zaharrean hirurek. Jurdenek erritmoarekin asmatu zuen, Itziarrek akorde finekin eta Oskiak fede bizia transmititzen zuten euskarazko hitzekin: konbinazio polita, abestuz egina. Kantu berri-berria eta erritmoduna lotu zuten. Lehiaketara aurkeztu eta hilabeteak aurrera joan ahala, beraien txalaparta abestiak arrakasta izan eta zerrendan gora eta gora egin zuen, azkenean jotzeko aukeratutako bat izanik. Iritsia zen eguna. Txalaparta muntatzez bukatu zutenean, mikrofonoak jarri zizkieten musika teknikariek hirurei. -Zenbat jende ote dago? – galdetu zion zeharka Jurdenek Itziarri. - Milioi bat diote. Jurdenen gorputz-ikara nabari zezakeen Oskiak eta bi makilak luzatu zizkion, begirada sarkorrez: “Jurden, lasai, makilak eskutan hartutakoan non zauden ahaztu eta zure buruaren jabe egingo zara!” Jurdenek txintik esan gabe eskutan hartu zituen eta hartutakoan, konfiantza beroaldi bat nabarmendu zuen. Bere buruaren jabe egin zen. Oskiak irribarre egin zuen aldaketa ikusitakoan: dena ondo aterako zen orain. Hirurak zeuden kokatuak eta.... Txalo, txistu, oihu, irrintziak... denetarik jaso zuten hirurek, elkarri besarkada bana eman aurretik. Aita Santuarengana gerturatu eta “Vatikanoan ikusi arte!” esan zien berehala. Sinestezina! Beraien egite onak, eta txalapartak, ikastola garaian inork nahi ez zuen instrumentuak, bizitza aldatuko zien ustekabean aurrerantzean... MariJoxe Azurtza

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)