Soka

2011/03/11
Soka
Hastapen hastapenean, bi jende kopuru ziren. Bat bestearen kontra. Eta haien artean, soka. Hartu soka, tira ! Alde batetik, besterat, soka indarra neurtzeko tresna. Bat bestearen kontra, irabazteko asmoa edo bat bestearen mundura eramateko gogoa ? Bainan soka pixkanaka pixkanaka urratzen hasten da, estekailuak desegiten dira… jendea hurbiltzen… eskuak igurtzen…eskuak hunkitzen…eskuak hartzen… eskuak lotzen. Nere eskua zure eskuan. Harremanak gure artean lotzen eta gizakien soka eraikitzen da, gizakien soka ehuntzen ari da. Sortu da soka biziduna, bakotxaren nortasunaz egina, gure desberdintasunetaz egina. Soka luzatzeko, soka loditzeko eta azkartzeko, baliabide bat bakarrik : eskua presentatu edonori. Zure ondoan denari, bide bazterrean denari. Hartu eta lotu ! Eta alde guzietako sokak gurutzatzen dira, bat bestearen gainean, bat besteari lotzen da, korapiloak agertzen dira. Mundua ehuntzen ari da, mundua sortzen ari da ; gure kulturetatik, gure nortasunetatik. Hari bat hautsi, hari bat moztu eta obra osoa desegiten da.Delphine Goyeneche

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)