Harritik herria
Harria dugu giltzarri. Harria dugu kirol. Harria dugu kultura. Harria, harrokak, izan genituen lehen babesleku, harpeak etxe. Harria izan dugu pareta. Harria izan dugu oinen azpiko lur. Harria izan dugu bizitza. Harritik sortu da herria. Herriak babestu du harria, moldatu du harria, egokitu du harria. Harriak babestu du herria. Harrien babesak mantendu du euskara. Harriak babestu du kultura. Harria ere badugu kultura. Hila omen dago harria. Baina bizirik dugu herria. Herriak moldatzen du harri moldaezina. Harri hotza epeltzen dugu plazara ateratzen dugunero. Harri gogorra samurtzen dugu laztantzen dugun bakoitzean. Harriari bizitza ematen diogu gure artera dakargunean. Aldiro dakargu gure artera. Aldiro zapaltzen dugu. Aldiro ematen dizkiogu pilotakadak. Aldiro altxatzen dugu gora. Aldiro moldatzen dugu gure nahietara. Aldiro marrazten dugu gure historia berarengan. Aldiro gure ametsak islatu. Gure arbasoen mundua ekarri digu harriak eta gure arrastoak jasoko ditu datozenentzat. Eta berdin dirau euskarak. Heriotzera kondenaturik zirudien hizkuntzak. Bizirik dirau. Moldatuko dugu, egokituko dugu garai berrietara, emango diogu gure kolorea. Harriak iraun badu, herriak iraungo du. Eta herriak iraungo badu, euskarak iraungo du. Euskara dugu herriaren oinarri. Eta euskarak iraungo badu, kulturak iraungo du. Eta harriak, tokia izaten jarraituko du, plazan, paretan, lurrean, mendian, ur-azpian, etxean, baserrian... eta nola ez... herrian.
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)