Etor dadila etorkizuna

2011/04/08
Etor dadila etorkizuna
"Egun on guztioi eta izan zaitezte ongi etorriak hautazko ikasgai apal baina interesgarri honetara. Ingeles Filologiako ikasle bezala, ez dauka zentzu handirik dagoeneko mundu osoan hiztun bakar bat ere ez duten hizkuntzak ezagutzeak baina, tamalez, bidean utzitako altxor kalkulaezinaz jabetuko zaretela promestu diezazueket. Dena ingelesaren zabalkuntzaren izenean. Gaur euskararekin hasiko gara. Azken asteotan egunkari askotan agertu da, barruko orrialdeetan bizpahiru lerrotan laburbilduta izan bada ere, segidan jorratuko dugun gaia. Lingua navarrorum esaten zioten antzinako erromatarrek hitzen batura ulergaitz hari. Harmoniaz konpartitu ohi zuen tokia inguruko beste hizkuntzekin; arrazoi politikoak zirela medio, desagerrarazteko ahalegina egin zuenik ere egon zen, eta gorakada nabarmeneko garaiak ezagutu zituen. Urteen eta urteen buruan han eta hemen entzuten jarraitu zen, baina joan den hilabetean, damurik, azken euskal hiztuna hil egin zen, 107 urte zeuzkala. Milaka hitz, milioika hiztun Historiaren parte izatera igaro dira; Bizkaiko kostaldean neska gazte baten ezpainetan marraztutako ‘maite zaitut’ zirraragarritik, Zuberoako barnealdean entzundako ‘ikhusi arte’ agur-hitz sinpleetara. Euskarari museoaren ateak ireki zaizkio, ez dago atzera bueltatzerik. Noiz edo noizbait guztion ondareari egindakoaz ohartuko gara, berandu. Eta orduan, gure gizartearen porrotaren istorioa berridatziko dugu. Ingeles bikainean, noski." Hitz hauekin hasi zuen Iratik irakasleak agindutako idazlana. Udaberriaren hasierako egun eguzkitsu hartan istorio tristeegia iruditu zitzaion. Orduan, axolagabeki jaso zuen idazkia bere ahurrean eta paperontzira jaurti zuen paper-bola zimurtua. Zerbait berri asmatu beharko zuen. Baina lehenik, klasetik atera eta kalera irtengo zen. Hantxe Mikel eta Oihane zain zituen. Hizketan hasi ziren, barra-barra, euskarari lau haizetara hegan egiteko parada emanez. Haizeak hitz goxo haiek emeki laztandu zituen, aspalditik zerbait maitatzera ohituta dagoenaren arreta zintzoarekin. Ivan Poyato del Rio

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)