Entzun, entzun gaztea

2011/03/23
Entzun, entzun gaztea


Argazkiari so egiten diot eta entzuten ditut. Egurra begiratzen dut. Mintzo zait. Hor begiratzen naute eta mintzo zaizkit. Senditzen ditut gero eta hurbilago. Argazkian begiak joaiten zaikit eta gizon txalapartadunak hurbiltzen zaizkit...mintzo zaizkit eta eremaiten naute. Heien artean....oihanean eremaiten naute mendian, txalaparta bilakatuko diren arbol guztien artean.... mendi guzia belarrietarat jiten zait. Tau tau tau...Erritmoa gero eta fiteago jiten zait urrunetik, hurbiletik... denak, nere gorputzean eta bihotzean sartzen zaizkit. Hartzen naute, bultzatzen naute, beldurtzen eta babesten. Erritmoa ezin kontrolatuz ikusten eta bizitzen dut, kolpez dena gorputzera jiten zait. Mendi guzietan tiratua naiz ez dut deus kontrolatzen sobera fite doa... alde guztietara, entzuten dut... senditzen dut.... Entzun entzun gaztea mendiaren deia Entzun entzun gaztea kantari mendia. Txalapartariak aitzinean ditut. Soinua musika bilakatzen da, zentzu bat hartzen du nere baitan. Erritmoa erritmoaren xerka....Heiek dakite xuxen zer ateratuko den... edo egurrak bakarrik. Musika, erritmoa..., dantza, musika...errrondan. Sorginak bezala erritmoarekin, musikarekin bat egiten dugu suaren inguruan. Txalaparta gure baitan dugu... Sua, erritmoa, musika, errondan, sorginak... Hitzak buruan bultzatzen zaizkit. Bainan nor gira hola dantzatzeko... Zerbaiten xerka, norbaiten xerka...? Akerbeltz soinu horrekin irrintzinika... Txalaparta instrumentu arkaiko horrek berriz gure erroetan hartzen gaitu. Barnetik nahasiak gira ezin geldituz. Tau tin tin. Soinu berri bat burura sartu zait. Tin tin tin, soinu metaliko bat. Txalapartak soinu berri bat sartu du bere ereduan jendarteak elementu berri bat sartu duen bezala: Hiriaren arrabotsa eta bizia...hiriak orain hartzen nau eta aztarnak, hotza, bideak, galtzeak eta burdina erakusten dauzkit. Fiteago hiriaren bizia bezala... eta gu horrekin beti dantzan, txalaparta akerbeltz horrekin odolean. Mugimendua segitzen dut jakin gabe xuxen zer egiten dutan... hiria, mendia, oihuak, dantzak, burdina, odola, bortitza, modernitatea... bainan zertan naiz. Dantzan ari gira. Hirirantz edo herritik urruntzea xerkatzen, mendia hartuz edo baztertuz. Txalaparta egur eta burdin zati horien ixtorioa, botere ezin bestekoa... Bi anaiak elgarren artean euskal jendearen barneak mugitzen dituzte... Entzun, entzun gaztea herriaren deia, Entzun, entzun gaztea txalaparta mintzo zaizu.

Charlotte Chorhy Txalaparta musikarekin idatzia

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)