Ekain
- Zertarako margotzen ditugu zaldiak horman, amatxo?
- Leizearen zaindariak direlako, Izani
- Leizearen zaindariak?
Amak buruarekin baietz egin dio haurrari .
- Baina zeretik zaindu behar gaituzte?
- Eneko-eneko haurra, horrenbeste izatetatik... bera alboan dugun bitartean, babestuak egongo gara beti eta lasai.
Ama nola margotzen ari den begira dago Izani, miresmen puntuaz. Zaldiak ederrak iruditzen zaizkio, baina baita beldurgarriak ere, urrutian irrintzi egin eta Aizpel mendiko magalak oihartzun egitean bereziki. Orduan hotzikara eragiten dio izuak.
- Izani, susper ezazu sugar hori ezin dezaket ongi ikusi eta.
Izanik sugarra suspertu du errautsa makil batekin astinduz eta hauspoa eraginez. Beste bi egur zati jarri ditu gainean. Amatxoren aldamenera itzuli da, lanean nola ari den ikustera.
- Amatxo, nik ere noizbait margotzen ikasiko dut?
Margotzeko makila eskutan duela amak irribarre egin du. Pozik dago bere haur gazteenak beraien bizitza babesteko diren margoak marrazteko erakutsia duen grinagatik. Izanik ez du amaren irribarrea ikusi, ama, haitzari begira, bizkar ematen ari baitzaio.
- Bai, noski. Hala nahi baduzu, bai.
- Amatxo, eta zenbat iraungo dute horman zaldi horiek?
- Luze, Izani. luze.
- Zenbat: hilabete bat?
- Ez, luzeago.
- Urte bat? Hori asko da.
Ama tarte batez gelditu egin da haitzan dagoena azaltzeko.
- Begira, hor ezkerretan dagoen hori, nire aitaren amonak margotu zuen. Dirudienez, zaldi horrek, hotzaldi batetik babestu zituen zuhaitz erori ihartuak mordoka zeuden aran batera bideratuz. Aztardi deitu zioten, aztarna eman zielako. Izani, urtebete baino askoz ere luzeago iraungo dute horman.
- Orduan, nire bilobek ikusiko dute zu egiten ari zarena...
- Bai, eta datozenek ere bai...
Izanik etorriko diren guzti horiengan amestu du eta bapatean utziko ote dion galdetzea sortu zaio.
- Ama, utziko didazu?
Amak, bira eman, eta musu eman dio bost urte bete berri dituen Izaniri eta lehen aldiz eskaini dio margotzeko makila, beraien babeslea den zaldia margotzeari ekin diezaion.
- Izani, zatoz, nik irakatsiko dizut... Urte mordoan zainduko gaituzten pottokak marrazten...
MariJoxe Azurtza
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)