Bertrand Dezoteux: "Begirada arraberritu nahi dut"
Bertrand Dezoteux (1983, Baiona), Hogeita proiektu deialdiko hautagaiak, bere ibilbidea eta proiektua aurkezten ditu hemen, bai eta euskal kultura zertako berant ezagutu duen azaltzen ere.
Zerk bideratu zaitu euskal kulturari buruz ?
Ahetzeko amatxik eragina handia ukan du. Ikasketak Baionan, Anguleman, Estrasburgon eta Pas-de-Calais eskualdean egin ditut, Parisen egin dut bereziki lan, baina beti lotura bat sentitu dut txoko honekin. Ene lanean, Frantziako Hego Mendebaldeko kulturari interesatu naiz lehenik, Baionako bestetako Kortsoa jorratuz, eta, ondotik, euskal kulturari buruz zuzendu naiz. Hor ohartu naiz gaia azaletik baizik ez nuela ezagutzen. Informazio guti nuen, gure amatxi soilik, hura lehengo bizimoduen kontatzen aritzen baitzen, 1940 hamarkadako istorioak. Bizimolde horietatik abiatu naiz. Gure arbasoek naturarekin bat egiten zuten, guk egiten dugun baino aise gehiago. Amatxik beti erraten du lehen animalia eta intsektu gehiago bazela. Baserritar mundu horri interesatu naiz, beraz, lehenik.
Lehen filma jalgi zitzaizun...
Bai, "Zaldiaren orena". Antropologia liburu bat irakurri nuen, senar emazte harremanaz laborantza munduaren baitan. Euskal laborantza jendartea ere aipatua zen, funtsean. Hor ezagutu dut, adibidez, euskal etxearen garrantzia, edo bertze gisako ohiturak eta bizimoldeak, harritu nautenak. Baserritar mundu hori makinekin eta robotekin bekoz beko jarri nahi izan dut. Zaldiaren orena hortik sortu da. Baionako Euskal Erakustokian ikusgai da. Euskal Herrian gaindi ibiltzen den robota baten istorioa da. Parisen aurkeztu dudalarik, jendeak identitate batekiko lotura azkarra sentitu du. Hemen, publikoa kezkatuagoa zen. Baina gai hori gehiago jorratu nahi nuen.
"Hogeita" proiektu deialdia xarmanki erori zaizu, beraz ?
Bai ! Gisa horretako proiektuak sostengatzea bikaina zait. Txoko honetan, publikoa ez da hain arte garaikide zale. Erran dena : Zaldiaren orenarekin, jendea kezkatua zen, aldearen eta bitxikeriaren ohidurarik ez zela sentitzen nuen. Begirada arraberritu nahi dut. Hemen, Euskal Herrian, zinezko indarra bada, zinezko berezitasuna. Koloreen heinean baizik ez bada. Valentin Carronen sorkuntza bat ikusi dut, euskal etxeaz... Ikuspuntu plastikotik, biziki azkarra zen ! Orduan hara, harritzen naiz zertako ez ote den hori baino ekoizpen gehiago. Alta, kultura enigmatikoa ere bada, euskararen jatorria ez baitugu ezagutzen... Ekaia lantzeko bada, hor !
Arlo horretan geldituko zara, beraz, Hogeitaren karietara hautatua izan den proiektuarentzat ?
Bai ! Filma izanen da. Euskal laborantza jendartea hirugarren dimentsioaren aitzinean ezarriko dut. Bertzeak bertze, izadiarekin jostatu nahi dut, gure amatxik gehiago ikusten ez dituen animali eta intsektu haiekin. Hori dena gehiago zulatuko dugu. Proiektua Animaliak hor dire izenpean aurkeztu dut... Baina nik uste Animaliak izenaren ordez, Kabalak ezarriko dudala. Bereziagoa iruditzen zait, eta frantsesetik urrunago. Elkarrizketa: Xan Aire
- Bertrand Dezoteux : ikus bere aitzineko lanen aurkezpen bat (frantsesez)