Nader Koochaki: "Argazkia bidegurutzea izatea nahiko nuke"
Nader Koochaki Etxeberria (1983, Donostia) Hogeita proiektu deialdiko hautagaiak, bere ibilbidea eta proiektua aurkezten ditu hemen, bai eta Iparraldeaz duen irudia agertzen ere.
Hogeita proiektu deialdian hautatua zinela nola hartu duzu?
Pozik, nola ez! Artetik gertuko eremuetan ibiltzen denarentzat, lan egiteko baldintza duinak izatea oso zaila da. Lan asko, eta diru gutxi... Nahiz eta lehentasuna ez hori izan, atsegin da zure lanari norbaitek konfiantza ematea. Hor aurkeztu dudan proiektua esku artean nuen, eta gauzatzeko medioak eskas nituen. Hogeita deialdia ikusi nuenean, neure proiektuak eta bertako irizpideek bat egiten zutela iruditu zitzaidan. Une eta leku aproposak zitzaizkidan. Egia esateko, Euskal Kultur Erakundeko eta Iparraldeko berri gutxi nuen orain arte... Aldi berean hain gertu, eta hain hurbil... Orduan, proiektu hori gauzatzeko irrikan nago, eta aurreiritziak apurtzeko ere bai.
Aurreiritzi horiek zein dira?
Iparraldearekiko harreman puntualek eragindakoak. Proiektu soziologiko batean, gazteek espazioa nola kudeatzen zuten aztertu genuen, duela urte batzuk. Eta hor iruditu zitzaidan, Hegoaldeari konparatuz, izaerak eta jarrerak oso ezberdinak zirela. Alde batetik, pentsatzeko jarreretan arinagoak zirela hemen, baina, bestaldetik, naturaltasunetik gertuago zirela. Halako esentzia batzuk... Kultura lurrunagoa zela, eta folkloretik gehiago, eta errazkiago bizi zela hemen. Berriz diot: aurreiritziak dira, eta horrela luzatzen ditut hemen.
Soziologian egin dituzu ikasketak. Zure artelanetan eraginik ba ote du?
Halabeharrez, bai, eragina badu. Baina gisa guztiz, arteak soziologia berez badu. Gauza batzuk lortuz, kultur adierazpena hor dago. Orduan, nire kasuan, esan nezake hibridazio baten emaitza dela. Egia esateko, oraindik ez dakit zer ari naizen. Hori dena desplazamendu baten gisan bizi dut.
Zergatik, aitzinako zure proiektuetan, artzaintza jorratu duzu?
Artaldetik hasi da dena. Artaldearen formak erakarri nau. Aldi berean aldatzen da, eta beti bera egoten da. Horiek horrela, Oñatira artzain txakur txapelketa batera joan nintzen, kamerarekin. Eta txapelketa, jarduera bera, Mendebaldeko jendartearen argazkia bezala ikusi nuen. Hau da, gizona subjektu gisa, ardien, objektuen manatzen. Tartean, txakurra zubia egiten. Hori dena izan zen sorkuntzarako lehen gerturapena. Hor topatu nituen lehen metodo, leku eta irudi egokiak.
Horrek denak, Hogeita deialdian aurkeztu duzun proiektuan, ondoriorik badu?
Erabateko lotura du, ondorio bat da, berez. Bideo erretratuak eta argazki erretratuak izenburua jarri diot, izenburu bat eskatzen zutelako. Hala ere, gauzen funtsera joan nahi dut hemen. Adibidez, museoa den bezala hartu: kultura biltzen, antolatzen, eta erakusten duen zerbait, eta horrek zer eragin duen ikusi. Sorkuntza prozesu denboran, nire esku ez diren gauzak agertzen baitira. Horregatik, argazkiaz eta bideoaz ez nuke molde murrizgarriz hitz egitea nahi. Argazkia bidegurutzea izatea nahiko nuke. Ez dut ikuslearen plazera bilatuko argazki ederren bidez. Argazki horrek zer ibilbide sortuko duen ikusi nahiko nuke. Ekaia bezala erabili, bere erretratua egin, eta korapilo hori luzatu, bakoitzak nahi duen haritik lotzeko. Elkarrizketa: Xan Aire
- Nader Koochaki Etxeberria : ikus bere CV-a eta bere aitzineko lanen aurkezpen bat (euskaraz)